Pentsioen erreforma bi alditan egin nahi du Espainiako Gobernuak, Jose Luis Escrivak Toledoko Itunean atzo azaldutakoaren arabera. Eta lehen fasearen helburuak bi dira: erretirorako egiazko adina atzeratzea eta pentsioen eguneratzea, berriz ere, KPIaren arabera egitea.
Erretirorako egiazko adina gaur egun 64,6 urtean dago Espainian, legezko adina aurten 65 eta 66 urteen artean dagoenean —kotizatutakoaren arabera—. 2027. urterako legezko adin hori 65 eta 67 artean egongo da. Bi adinak hurbildu nahi ditu Escrivaren ministerioak, eta bi modu aurreikusi ditu erretirorako egiazko adina ahalik eta gehien atzeratzeko: batetik, erretiroa aurrez hartzea zigortzea; eta bestetik, erretiroa legezko adinetik harago atzeratzen dutenak saritzea.
Sari hori txeke bat litzateke, kotizatutako kopuruen eta urteen araberakoa, eta gehienez 12.060 eurokoa, erretiroko legezko adinetik aurrera lan egindako urte bakoitzeko.
Europako funtsak
ELA sindikatuak gaitzetsi egin ditu Escriva ministroak azaldutako asmoak, pentsio sisteman murrizketa berriak ekarriko dituztelako. Hiru dira, ELAren ustez, gobernuaren bideak murrizketetarako: erretirorako adina atzeratzea, eta erretiro aurreratua okertzea; pentsio berriak txikitzea, eta pentsioen kalkulurako urte kopurua handitzea; eta iraunkortasun faktorea mantentzea, nahiz eta haren izena aldatu.
ELAren ustez, Europako funtsak daude erreforma asmo horien atzean. «Espainiako Gobernuak Bruselari aurkeztu dizkio murrizketa horiek, Europako funtsak jaso ahal izateko. Berriro ere, ELAk hasieratik salatu zuenez, egiaztatuta geratu da funts horiek gizarte eta lan eskubideen murrizketen eta austeritateko aurrekontu politiken aplikazioaren mende daudela. Funtsak murrizketen mende dauden bitartean, hala nola pentsioena, baztertu egin behar dira». ELAk dei egin die indar politikoei, «eta bereziki ezkerreko indarrei, neurri horiek erabat arbuiatzeko eta horien aurka bozkatzeko konpromisoa hartzeko».