GERNIKAKO ESTATUTUA

Urkulluk aste honetarako espero du eskumenen lehen blokea eskualdatzeko bilera

Azken egunetan, EAJko buruzagi ugarik nabarmendu dute ekainerako espero dituztela lehen blokeko eskumenak.

Olatz Garamendi sailburua eta Miquel Iceta ministroa. J. J. GUILLEN / EFE
jon olano
2021eko apirilaren 12a
11:49
Entzun

Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua negoziatzen ari dira Gernikako Estatutuan jasotako eskumen gehienak Jaurlaritzaren esku uzteko prozesua. Espainiako Gobernuak bidalitako egutegiaren arabera, lehen blokeko 11 eskumenak martxorako jaso behar zituen Jaurlaritzak, baina prozesua luzatzen ari da.

Testuinguru horretan, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria elkarrizketatu dute Radio Euskadin, eta esan du «aste erabakigarria» izango dela gai horretan, eta espero duela aste honetan bertan biltzea Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak osatutako Transferentzien Batzorde Mistoa, lehen bloke horretako eskumenen inguruko akordioa ixteko. Miquel Iceta Espainiako Lurralde Antolaketako ministroa eta Olatz Garamendi Autogobernu sailburua martxoaren 3an batzartu ziren, eta, orduan, Icetak azaldu zuen apirilean sinatuko zutela lehen blokeko eskumenak emateko hitzarmena.

Urkulluren iragarpena ez dator bat azken egunetan EAJko buruzagi ugarik zabaldu dituzten mezuekin. Izan ere, jeltzaleek adierazi izan dute ezen, Madrilgo erkidegoko hauteskundeak eta txertatze prozesua direla medio, eskumenen eskualdaketa atzeratzen ari zela eta ekain ingururako espero zituztela lehen konpetentziak. «Bost edo sei transferentziako multzo bat dago, udarako egon beharko lukeena. Aste Santurako behar zuen, baina ontzat emango dugu txertaketak atzerapen batzuk eragin dituela», esan zuen Ortuzarrek joan den igandean Noticias taldeak argitaratutako elkarrizketa batean.

Edozein kasutan, lehen multzo horretan egongo da espetxeen kudeaketari buruzko eskumena. Behin hura jasota, Jaurlaritzaren egitekoa izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako kartzela eredu bat diseinatzea. Eredu hori «gizarteratzean eta justizia berrosatzailean» oinarrituko dela adierazia du Urkulluk berak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.