HILBERRIA

Xabier Antoñana kazetari, idazle eta politikaria hil da

Besteak beste, Nafarroako Parlamentuko ordezkari izan zen 1979-1983ko legealdian. 88 urte zituen.

jon olano
2021eko apirilaren 9a
13:05
Entzun

Xabier Antoñana idazle, kazetari eta politikari nafarra zendu da, 88 urte zituela. Vianan jaio zen, 1933an; udalerri horretako zinegotzi izan zen,1983tik 1991ra, Unidad Popularrekin, eta, 1999tik 2003ra bitartean, Euskal Herritarrok-en zerrendan; Nafarroako Parlamentuko kide ere izan zen, 1979 eta 1983 bitartean.

Frankismo garaian Frantzian igaro zituen urte batzuk, frantses ikasketak egiten Sorbonan. Madrilen, Filosofia eta Letretako lizentzia eskuratu zuen, eta kazetaritzakoa Montpellierren (Frantzia). Handik sorterrira itzuli zen, 1970ko hamarkadan.

Ezkerreko abertzalea zen Antoñana. 1980an, beste legebiltzarkide batzuekin batera, gose greba bat abiatu zuen, Jose Antonio Urbiola parlamentuko presidenteordearen atxiloketaren aurka protesta egiteko. Greba hasi zenetik egun gutxira, Nafarroako ospitalera eraman zuten, medikuaren aginduz.

Idazle gisa, gaztelaniaz argitaratu zituen bere lanak; baita kazetaritzan ere. 1958an hasi zen lanean, El Pensamiento Navarro egunkarian iritzi artikuluak argitaratuz. 1978tik aurrera, Egin egunkariko ohiko zutabegilea izan zen, eta Punto y Hora de Euskal Herria-n ere idatzi zuen; bi urtez (1984-1986) zuzendaria izan zen. Egin itxi zutenean, Gara-n jarraitu zuen idazten. Gerora, Deia-n eta Diario de Noticias-en ere argitaratu zituen iritzi artikuluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.