Langile bat hil da gaur arratsaldean Zugaztietan (Trapagaran, Bizkaia), jatetxe bateko kargagailua gainera erorita. Hildakoak 57 urte zituen, emakumea zen, eta Funi-La Arboleda jatetxeko langilea zen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, istripua 17:30ean gertatu da, eta handik minutu gutxira agertu dira osasun zerbitzuak. Langileak berriro arnasa har zezan saiatu dira, baina ez dute lortu. Autopsia egiteko eraman dute gorpua.
LAB sindikatuak daraman zenbaketaren arabera, 2021. urtean lanean ari zela hildako hamabosgarren langilea izango litzateke atzo zendutakoa.
Bi kamioilari eta marinel bat
Aurreko ostiralean kamioilari bat hil zen AP-15ean, Tafalla aldean (Nafarroa). Autobide horretako 50. kilometroan zihoala, Roberto Lopez Serranok gidatzen zuen ibilgailuak beste kamioi batekin talka egin zuen; bidetik atera zen, eta leku horretan autobidearen azpitik igarotzen den trenbidera erori zen. Gidariak 40 urte zituen, Madrilgoa zen, eta berehala hil zen, kolpearen ondorioz. Beste garraiolaria onik irten zen.
Urteko hamahirugarren langile hila ere kamioilaria zen, eta AP-15ean zendu zen hura ere. Zuastiko atsedenlekuan (Itza, Nafarroa) zegoela, kamioiaren kabinak su hartu zuen, eta ez dute argitu zergatik.
Lau egun lehenago, martxoaren 16an, langile bat hil zen Gaviota gas biltegian, Bizkaiko kostaldean. Materiala garraiatzen ari zen ontzia Gaviotara hurbiltzeko lanetan ari zela, kable batek 50 urteko marinel bat harrapatu zuen, eta kareletik behera bota. Erreskatatu arren, Bermeorako bidean hil zen.