EUSKAL PRESOAK

Euskal presoei legeria arrunta aplikatzeko eskatuko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek ere

Sarek eta Etxerat-ek jakinarazi dute joan den abenduaren 11n sindikatu eta alderdiek egindako adierazpena berretsiko dutela udalek egun hauetan. Espainiako Gobernuari adieraziko diote haien babesa izanen duela «euskal presoei legeria arrunta eta espetxe politika normalizatua aplikatzeko beharrezko urratsak egitea erabakitzen» badu.

Patricia Velez Etxerat-eko bozeramailea eta Joseba Azkarraga Sarekoa, gaur Gasteizen egindako agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 8a
12:01
Entzun

Joan den abenduaren 11n bertze espetxe politika bati ekiteko sostengua eman zioten Hego Euskal Herriko hainbat alderdik eta sindikatuk Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian jakinarazi zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei ere igorriko zietela adierazpena, eta, gaur Etxerat-ek eta Sarek Gasteizen egindako agerraldian jakinarazi dutenez, «egun hauetan eta datorren apirilaren 21era arte» udalek «berretsi» eginen dute alderdi eta sindikatuek Espainiako Gobernuari egindako eskaera. Apirilaren 21ean prozesuari buruzko xehetasun gehiago emanen dituzte presoen eskubideen aldeko mugimenduak eta presoen senideen elkarteak.

Abenduaren 11n EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, ELAk, LABek, UGTk, CCOOk, Steilas-ek, EHNEk, ESK-k, Hiru-k, Etxalde-k, CGTk eta CNTk egin zuten bat adierazpenarekin: euskal presoak hurbiltzeko plan bat egitea eta horiei legeria arrunta aplikatzea eskatu zuten, eta Espainiako Gobernuari jakinarazi zioten babesa emanen ziotela baldin eta «euskal presoei legeria arrunta eta espetxe politika normalizatua aplikatzeko beharrezko urratsak» egiten bazituen. Gauza bera eginen dute udalek orain, Etxerat-en eta Sareren arabera. Izan ere, abenduaren 11 hartan testuaren sinatzaileek berek adierazi zuten «beharrezkoa» zela «konpromisoa sozializatzea eta ezagutaraztea», eta horren hurrengo urratsa da udalena. Adierazpena publiko egin eta berehala, halaber, testua Sanchezi berari, Iñigo Urkulluri, Maria Txibiteri eta Jean Rene Etxegarairi ere bidali zioten, baita Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiari ere.

Sareren eta Etxerat-en arabera, adierazpen hori egin izanak «egiaztatu» egiten du «euskal gizarteak salbuespenezko espetxe politika behin betiko gainditzeko egiten duen apustua osatzen duen adostasun politiko eta sindikala». Jakinarazi dutenez, ontzat ematen dituzte Espainiako Gobernua egiten ari den presoen lekualdaketak, baina oroitarazi dute «euskal preso guztiak Euskal Herrira» ekarri arte ez dela urrunketa bukatuko. Bide horretan eskertu egin dute udalek adierazpenarekin bat egin izana: «Euskal presoen urruntzearen amaierarako urratsak begi bistakoak diren honetan, oso positibotzat jotzen dugu bultzada berri hori, kasu honetan, udalerriek bultzatuko dutena, eta beste ekimen batzuk gehitzea espero dugu, hala nola euskal gizartearen mobilizazioa, salbuespenezko espetxe politikaren amaierari behin betiko bultzada ematen laguntzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.