Euskara

Hizkuntza gutxituen aldeko legea onartu du Frantziako Asanbleak

Lege esparru sendoagoa emanen dio euskarazko irakaskuntzari. Eskaintza orokortzea eta ikastetxeak diruztatzea aurreikusten du.

Txalo artean hartu dute bozketaren emaitza diputatu anitzek. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko apirilaren 8a
09:30
Entzun

Lortu dute. Eskualdeko hizkuntzen ondarea babesteari eta sustatzeari buruzko Paul Molac Bretainiako diputatuaren lege proposamena onartu du Frantziako Asanbleak, 247 bozkarekin, gobernuaren borondatearen kontra. Iazko abenduan Senatuan bozkatu zuten testu bera bozkatu dute, aldaketarik gabe, eta, ondorioz, berehala promulgatuko da. Hizkuntza gutxituen irakaskuntzari esparru finkoago bat emanen dio legeak, eta ikastetxeen diruztatzean ere eraginen du. Momentu «historikotzat» dute hizkuntza gutxituen aldeko eragileek.

Besteren artean, irakaskuntza arloko hiru neurri nagusi dira azpimarragarrienak: murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartuko da, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren eskaintza orokortzea ekarriko du. Hizkuntza gutxituetan irakasten duten eskola pribatuen diruztatzea ere indartuko du: eskola elebakarrak dituzten herrietan, bertako haurrak inguruko herri bateko ikastetxe batera joan behar badira, ikastetxe horiek diruztatu beharko dituzte herriko etxeek. Horrez gain, beste arloetako neurriak ere jaso ditu, seinaletika publiko elebidunaren arautzea eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako zeinu diakritikoak idazteko aukera.

Lege proposamena bere horretan bozkatzea zen erronka nagusia, berehala promulgatua izan dadin. Bestela, Senatura itzuliko zen berriz. Lau orduko eztabaida luzea izan da ostegun goiz honetan, eta lehen artikuluen aldeko bozka eman dute diputatuek, proposatutako zuzenketak banan-banan baztertuta. Hala, murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea proposatzen duen 2 TER artikuluaren alde bozkatu dute. Halaber, 2 QUINTES artikulua berrezartzearen alde bozkatu dute —lege proposamenetik erretiratzea erabaki zuten diputatuek Asanbleako lege batzordean—. Hizkuntza gutxituetan irakasten duten eskola pribatuen diruztatzeari dagokio artikulu hori.

Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak hartu du hitza goizean, gobernuaren izenean. «Errepublikanoa eta Konstituzioaren militante bat» dela erran du, eta, Frantziako konstituzioaren 75-1. artikuluaren izenean, hizkuntza gutxituen irakaskuntza «atxiki» behar dela. Erranak erran, adierazi du Frantziako hezkuntzak hizkuntza gutxituen irakaskuntza bermatzen duela. «Batzuek egin nahi duten karikatura baino askoz ere hobea da». Bretainiako datuak eman ditu. «Ezin da erran sakrifikatzen dugunik».

Bretoierak eta bretoierazko irakaskuntzak dituen baliabideak zerrendatu ditu Blanquerrek, eta zehaztu du ikasle zela berak ere hautazko gisa hartu zuela. Orokorrean, Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren datuak eman ditu. «Gure lurraldean eskualdeko hizkuntzen irakaskuntzak bere leku osoa du. Ez da gehiago lurralde eta hizkuntza gerlarik; gure herriak oreka justua aurkitu du herrialdearen eta nazioaren artean. Gutako bakoitzak bere nortasuna eraikitzen du».

Blanquerrek adierazi du Frantziako hezkuntzak oren parekotasunean oinarritzen den irakaskuntza elebiduna sostengatzen duela. «Oren parekotasun hori gainditzeak Konstituzioaren 2. artikulua zalantzan jarriko luke». Frantziarren hizkuntza komuna beste hizkuntza batek ordezkatzea gaitzetsi du. Murgiltze eredua orokortzearen kontra ere mintzatu da, eta ohartarazi du gaur egun eskola publikoetan abiatutako esperimentazioek esperimentazioaren esparrua gainditu dutela. «Ez dut jadanik dagoena kentzeko asmorik, baina murgiltze ereduan oinarritutako irakaskuntza salbuespena baizik ezin da izan». Frantsesaren monopolioa kritikatu, eta «beste monopolio bat» proposatzea baztertu du. «Erraten didate murgiltze ereduan ikasten dutenek frantsesa bikainki menperatzen dutela, baina hori da haien familiek frantsesa bikainki menperatzen dutelako».

«Ikastearen onurak»

Diputatu bretainiar batek sustatu du legea, Paul Molacek. «Eskualdeko hizkuntzak aberastasun eta altxor bat dira, ez soilik eskualdekoak, baita Frantziakoak eta nazioartekoak ere», adierazi du txalo artean. Baina gaur egun galtzeko arriskuan direla nabarmendu du segidan: «Gaur egun, horiek ikasten dituen ikasleen kopurua apalegia da. Azeleragailua zapaldu behar dugu». Hizkuntza gutxituak ikastearen onurak nabarmendu ditu: adierazi du hizkuntza horiek ikasteaz gain frantsesean ere beste haurrek baino maila hobea dutela. Hizkuntza gutxituen aldeko eragileek egiten duten «lan izugarria» eskertu du, bestalde.

Molacek erran du murgiltze ereduan oinarritutako irakaskuntzaren helburua bi hizkuntzak menperatzea dela. «Gaur egun, irakaskuntza mota hori ez da posible hezkuntza publikoan». Zehaztu du Frantziako Konstituzio Kontseiluak ez duela sekula irakaskuntza hori gaitzetsi, berau derrigorrezko bilakatzea baizik. Lege proposamena aldaketarik gabe bere horretan bozkatzeko eskatu die diputatuei, Hezkuntza Kodea molda dezan. Hala izan da azkenean, komunistek, Frantzia Intsumisoak eta Martxan alderdiak kontrako botoa iragarri duten arren.

Diglosiaren salaketa

Michel Castellani Korsikako diputatuak gaur egun den diglosia egoera aipatu du, eta horrek sortzen dituen «trauma psikikoak». Hizkuntza gutxituen irakaskuntzak dituen onurak aipatu ditu hark ere, eta lege proposamena bozkatzeko eskatu du.

Hubert Wulfrancek, Ezker demokratiko eta errepublikanoa taldearen izenean, hizkuntza gutxituek Frantzian duten babes faltaz ohartarazi du, eta azpimarratu Frantziako Estatua Europako hizkuntza gutxituen babeserako ituna berretsi ez duen estatu bakarrenetakoa dela. «Gure aberastasun linguistikoak zinezko borondate politiko bat behar du». Erran du lege proposamena bozkatzea «aitzinamendu adierazgarria» litzatekeela.

Martxan taldeko Stephanie Atger diputatuak Paul Molacen lege proposamenaren ekinbidea eskertu du, baina erran du lege proposamena «lausoegia» dela, ez dituelako hizkuntza gutxituen irakaspenaren mugak zehazten.

Marc Le Fur Errepublikanoen taldeko diputatuak erran du «aniztasuna xantza bat dela». «Gehiegizko jakobinismoa» salatzeko beharra aipatu du, eta «mespretxua eta ezjakintasuna» borrokatu behar direla. Erran du lege proposamena Senatutik atera bezala bozkatu behar dela. «Gure taldeak hasieratik babestu du testu hau. Ez dugu inolako anbiguotasunik gai honi buruz», erran du. «Gora gure eskualdeko hizkuntzak! Defendatu behar dira», aldarri egin du. Max Brisson euskal diputatu eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari ohiak legea sustatzeko lana egin du Errepublikanoen artean.

Christophe Euzet, Agir Ensemble taldeko diputatuak defendatu du Frantziako Hezkuntzak hizkuntza anitzetako hezkuntza bere egin dezakeela. Erran du «oro har» bat egiten duela lege proposamenarekin, eta «interesgarria» dela hezkuntza publikoan murgiltze eredua orokortzea . Haatik, zalantzan eman du herriko etxeak beste herrietako ikastetxeak diruz laguntzera behartzea. Lege proposamenaren alde bozkatuko dute, baina zuzenketak eginen dituzte frantsesaren «erabateko menperatzea» gehiago zehaztu dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.