Europako funtsak

LAB: «Europako funtsei uko egin behar zaiela esatea ez da nahikoa; eztabaida behar da»

Sindikatuak EBren Hurrengo Belaunaldia egitasmoaren irakurketa kritikoa egin du, eta salatu «diru publikoa esku pribatuetan jartzea» dela.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, Zorrotzaurreko lanen aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko apirilaren 7a
15:31
Entzun

LAB sindikatuak Europako funtsen banaketa ereduaren eta haien helburuen irakurketa kritikoa egin du. Haren ustez, diru publikoa esku pribatuetan jartzeko mekanismo bat dira, eta 2008ko krisiaren ostean eman ziren pausuei jarraitzen die: «Ordukoan bankuak erreskatatu ziren bezala, orain dirua jartzen da kapitalismoak behar duen eraldaketarako». Garbiñe Aranburuk azaldu du ez dutela bat egiten Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurkeztu dituzten proiektuekin, eta ez dela kontuan hartu eragile sozial, sindikal eta langileen iritzirik.

Kontrako jarrera agertu baino gehiago egin behar da LABen ustez: «Uko egin behar zaiela esatea ez da nahikoa; eztabaida soziala behar da». ELA sindikatuak izendatu gabe, hark duen jarrerari eginiko erreferentzia dirudi. Uste du eredu aldaketaren alde dauden eragileek bat egin behar dutela, maila politiko eta instituzionalean. Izan ere, Aranburuk argi du «bataila politikoa eman behar dela», bere ustez, «bataila» horren bidez posible delako egitasmo zehatz batzuk bultzatzea, “botere publikoa” indartuko dutenak.

Zentzu horretan, datorren asteetan eragile politiko, sozial eta sindikalekin bilera erronda hasteko asmoa du, aktibazio soziala bultzatzeko. Iragan urtarrilean antzeko prozesu bat hasi zuen «harresi soziala» delakoa eraikitzeko, eta ez zuen arrakastarik izan. Aranbururen ustez, hau «beste plano» batean eztabaidatu beharreko auzi bat da, eta uste du akordioak egon daitezkeela. Zerbitzu publikoen, enpleguaren, pentsioen... aldeko hainbat mobilizazio egiten ari dira, «eta gehiago etorriko» direla iragarri du.

Funtsen gaian sakontzen jarrita, Endika Perez LABen ekintza sozialeko arduradunak haien muinari buruzko datu batzuk eman ditu. Haren kalkuluen arabera, soilik laguntzen %0,6 bideratuko da zerbitzu publikoetan inbertitzeko, eta %89,6 «propaganda berde digitalerako» dira: «Lehendik aurreikusitako proiektu erraldoiak eta lan sektore gehiago pribatizatzeko proiektuak dira». Era berean, salatu du enpresa handien interesa lehenesten dutela eta kudeaketa ilun eta zentralista dutela.

Perezek, halaber, nabarmendu du funtsek «letra txikia» dutela, eta «hertsadura» mekanismoak daudela: «Laguntza lerroak ukatu egin daitezke baldintzak bete ezean». Eta zeintzuk dira baldintzak? «Pentsio erreforma, lan erreformaren derogazioa gelditzea...». Aldi berean, gehitu du funtsa eurobonuen bidez finantzatu dela, zorrak jaulkiz. Haren ustez lankidetza publiko pribatua «iruzur handia» da, egitasmoek ez dutelako «inolako kontrol publikorik». Gai beraren aurrea erakunde publikoek duten jarrera kritikatu du, eta Jaurlaritzaren leloa bere egin du: «Bultzatu nahi duten auzolan bakarra enpresa handi eta komertzio ganbarekin da».

Kritikaz gain, LABek garapen paradigma berrian kontuan hartu beharreko bost irizpide izendatu ditu. «Sektore publikoak izan behar du ekonomia jardueraren ardatza», nabarmendu du Aranburuk. Inbertsio publikoak handitu behar direla iritzi dio, eta diru publikoa jasotzen duten enpresek enplegua mantentzeko bermeak aurkeztu behar dituztela. Agerpenean Aernnova eta PCBko langile batzuk zeuden. Beste laurak lana eta ondasunen banaketa hobea, garapen eredu jasangarria, lan eta pentsio duinak bermatzea eta nazio garapena dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.