EUSKAL PRESOAK

Eri diren presoen osasuna ere «lehenesteko» eskatu du Sarek Iruñean

Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta larriki eri diren hamazazpi euskal presoen egoera bistaratu du Sarek, «salbuespenezko» espetxe politikaren eragina eta espetxeetako arta falta salatuta. Iluntzean hainbat herritan eginen dituzte elkarretaratzeak.

Eri diren presoen aldeko elkarretaratzea, gaur, Iruñeko ospitaleko biribilgunean. SARE
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 7a
11:50
Entzun

Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Sarek elkarretaratzera deitu du gaur Euskal Herriko hainbat herritan. Iruñean eguerdian bildu dira, ospitaleko biribilgunean, eta ilunabarrean bertze hainbat herritan eginen dituzte protestak, eri diren euskal presoak aska ditzatela eskatzeko.

Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, hamazazpi dira egun larriki eri diren euskal presoak, eta bi arazo nagusi dituzte. Alde batetik, euskal presoei ezartzen zaien «salbuespenezko» espetxe politikak osasunean eragiten die, Sareren hitzetan: «Bakardadeak, zigorraren luzapenak eta urruntze politikak eragin zuzena dute preso dagoen pertsonaren osasunean, eta ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea eta harremanak garatzeko arazoak sortzen dituzte». Gaixo diren presoen kasuan, gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu espetxe politika horrek, Sareren arabera; gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak «eragin zuzena» baitu. Bertze alde batetik dago espetxeetan dagoen osasun arta falta, eta, beraz, preso guztiek pairatzen dutena: «Espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen, eta are gutxiago COVID-19ak eragindako egoerak eskatzen dituen neurriak errespetatzeko aukera». Sarek gogoratu du osasuna «pertsona guztiei dagokien eskubidea» dela, «baita preso diren pertsonei» dagokiena ere, eta hori ere «lehenesteko» eskatu du: «Ezin dugu onartu segurtasun politiken aitzakian presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du».

Larriki eri diren preso «batzuekin» azkenaldian «urrats garrantzitsuak» egin direla uste du Sarek, baina oraindik ez dela egoera konpondu: «Politika honen ondoriorik larrien eta dramatikoenaren lekukoak gara, espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak gora egin baitu azken urteetan». Salatu dute, gainera, presoak sendatzeko askatu beharrean «gaixotasunak atzera-bueltarik ez duenean eta heriotza ate joka denean» askatu ohi dituztela. Aldaketarik ezean, egoerak hala jarraituko duela uste du presoen eskubideen aldeko mugimenduak: «Salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean ondorio lazgarri hauek bizitzen jarraitu beharko dugu».

Egoera aldatzeko, eragile sozial, sindikal eta politikoen «inplikazioa eta laguntza» galdegin dute: «Denok izan behar gara salbuespenezko espetxe politika amaitzeko bidearen parte, behin betiko presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, espetxea ere gure gizartearen zati bat baita. Denon artean, konponbidearen eta bakearen bidean, lortuko baitugu euskal presoen oinarrizko eskubideak betetzea, eta gaixo larriek bizi duten sufrikarioa amaitzea».

Iruñean eguerdian egin bezala, bertze herri batzuetan iluntzean eginen dituzte elkarretaratzeak: erraterako, Itzubaltzetan, Ondarroan, Lekeition (Bizkaia), Etxarri-Aranatzen, Lesakan (Nafarroa) eta Beasainen (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.