Julen Madariaga Agirre politikari eta ekintzaile historikoa hil da gaur goizaldean, 88 urterekin. Senperen bizi zen (Lapurdi), eta aspaldi zegoen gaixo. ETA erakundearen sortzaileetako bat izan zen, baina, estrategia armatuarekin desados, erakundetik urrundu zen 1990eko hamarkadaren hasieran. Herri Batasuneko kide izan zen, baina alderdia utzi zuen 1995. urtean, ETAk Gregorio Ordoñez PPko politikaria hil ondoren. Borroka armatua uztearen alde zegoen. Aralar taldearekin egin zuen bat gero, eta hainbat hauteskundetara aurkeztu zen haren zerrendetan. Politikako lehen lerroetatik urrundua zebilen azken urteetan.
Espainiako 36ko gerraren ondotik Txilera erbesteratu behar izan zuen familia jeltzale batean jaio zen,1932an, Bilbon. Zuzenbidea ikasi zuen, eta Cambridgen egin zen doktore. EAJk Francoren diktadurari buruz zuen jarrerarekin ados ez zeuden gazte haietako bat izan zen, eta alderditik aldendu, eta Ekin taldea sortu zuen, erresistentzia ekintzak antolatzeko asmoz. Hortik sortuko zen gero ETA erakundea, 1959. urtean. Arlo kulturaletik hasi ziren, baina gerora ekintza armatuei ekin zieten. Garai hartan, «etsaiak egiten zuena egitea» defendatzen zuela kontatu izan du Madariagak: «Jendea prestatu beharra zegoen fase militarrerako. Arlo kulturalean zerbait egiten genuenean, etsaiaren erantzuna guztiz desproportzionatua zen. Nik uste dut ETAk orduan gauza bakoitza bere momentuan egin zuela, baina ikusiz etsaiaren erantzuna nolakoa zen, fase militarrera guk pentsatu baino askoz lehenago iritsi ginen, egoerak behartuta. Gogoratzen naiz banku batean lehen lapurreta egin genuenean herriak gaizki hartu zuela; hirugarrenerako ez zen arazo. Lehenik, geure burua —Euskal Herriarena— defendatzeko asmoz etsaiaren erasoaren aurka. Beste arrazoi bat ere bazen: herriaren duintasuna lortzea, hain eskas zuen adorea emateko hari».
→ Irakurri gehiago (2014ko elkarrizketa): «Harro nago ETA sortu genuelako, beharrezkoa zelako»
1963an, Enbata mugimenduak antolatutako Aberri Eguneko ekitaldian parte hartu zuen Itsasun, eta Gernikako arbolaren altsuma landatu zuten, Ximun Haranek eta berak. Oroitarri bat ere ezarri zuten, abertzaletasunaren aldeko adierazpena eginez.
Meliton Manzanas poliziaren torturak ezagutu zituen Madariagak, eta Frantziako kartzeletan preso ere egon zen. ETAri laguntzeagatik lau urteko presondegi zigorra ezarri zioten 1989an, hamar urtez Ipar Euskal Herrian bizi ahal izateko debekuarekin batera. 1991n kartzelatik atera, eta Bilbora joan zen Txema Monterorekin abokatua izatera.
Estrategia armatuarekin desados
1989an utzi zuen ETA, estrategiarekin desados. «1980ko hamarkadaren erdialdera bonba-autoak hasi ziren jartzen, 1986an [Dolores Gonzalez Katarain] Yoyes hil zuten... Seguru ez zutela fede txarrez egin, baina kontua da ETAko arlo militarrak bere esparrukoak ez ziren erabaki batzuk hartu zituela, esparru politikoaren kalterako. Huts bat egiten zenean, huts hori estali egiten zen, ahal zen bezala. Ildo politikoa lehenetsi behar da talde militar batean ere». 1990eko hamarkadako erdialdean, borroka armatuaren kontrako kritikak jendaurrean egiten hasi zen. «Oso gogorra izan zen niretzat pauso hori ematea. Baina gogorragoa zitzaidan ETAren jarduera mota hura».
2006ko ekainean Frantziako Poliziak atxilotu zuen, beste 11 pertsonarekin batera, «ETAren finantza sarearekin» lotura izatea leporatuta.Paris inguruan konfinatu zuen Laurence Le Vert epaileak, baina hilabete batzuk geroago Senpereko etxera itzuli ahal izan zen.
2014an egin zion azken elkarrizketa BERRIAk, Egiari zor bere biografiaren argitalpenaren harira: «Harro nago ETA sortu genuelako, beharrezkoa zelako». Independentziarako bidean euskaldunen arteko batasuna lehenetsi zuen elkarrizketa hartan: «Euskal Herrian orain ez da lehenetsi behar ezkerraren eta eskuinaren arteko borroka; hori gero etorriko da. Baina zenbait urte igaroko dira euren burua euskalduntzat dutenen arteko batasuna lortzeko».