Gernikako Estatutua betetzea eta autogobernua. Horiek izan ziren EAJk Aberri Egunean egindako aldarri nagusiak. Jeltzaleek ekitaldi bat egin zuten Bilboko Euskalduna jauregian, eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak hitz egin zuen alderdiaren izenean: «EAJ alderdi abertzalea da, aberrigintza mailaz maila egin behar den prozesu gisa ulertzen duena, urrats neurtu eta sendoekin».
Ortuzarrek behin eta berriz errepikatu zuen gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezinbestekoa dela burujabetza gehiago izatea eta autogobernu handiago bat, «herri gisa gure bizimoduaren subjektu politiko izateko». Horretarako lehen urratsa Gernikako estatutua betetzea da, jeltzaleen ustez, «eta gero hasiko dira autogobernurako estatus berri bat lortzeko lanak».
Dena den, Ortuzarrek argi utzi zuen aberriaz ari direnean Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeez ari direla, eta azpimarratu zuen garrantzitsua dela «Nafarroako foru erregimena indartzea eta Ipar-Euskadi berezko erakundeez hornitzea»: «Zazpiak bat da gure proiektua».
📹@andoniortuzar: "Gora Euskadi askatuta!!!". #AberriEguna#AberriaIndartuzpic.twitter.com/7vHOsd95ew
— EAJ-PNV (@eajpnv) April 4, 2021
Horretaz gain, jeltzaleek hizpide izan zuten COVID-19aren pandemia. Gizarteari helarazi nahi dioten mezua «itxaropenarena» dela esan zuen Ortuzarrek: «Benetako abertzaleok, gure herriari bizi izatea tokatu zaion une esanguratsu honetan, argia ematen lagundu behar dugu gaur egun iluntasuna besterik ez dagoen tokian; konponbideak proposatzen arazoei aurrea hartzeko; ika-mika politikoak bertan behera uzten, aurretik daukagun ataza erraldoiari heltzeko».
Bere diskurtsoan ez zuen independentzia aipatu EAJko lehendakariak, baina etengabe izan zituen ahotan «autogobernua eta burujabetza». Hala amaitu zuen: «Aberri Egunean EAJko emakume eta gizon guztiok bai esaten diogu euskal autogobernuari, bai burujabetzari, bai gure etorkizuna eraikitzeari. Bai esaten diogu Euskadi askeari!».
Ekitaldi horretan izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Bilboko eta Gasteizko alkateak.
Iturgaizen kritikak
Ez dirudi, ordea, atzoko egunean jeltzale guztiek Ortuzarren mezuarekin bat egin zutenik. Atzo, Euzko Gaztedi Indarreko kide Jon Andoni Urdangarinek artikulu bat argitaratu zuen BERRIAn, eta honela zioen: «Pandemiak erakutsi digu Euzkadi aske batean biziko bagina gauzak oso bestelakoak izango liratekeela (...). Aukera bakarra, independentzia da; eta ozen aldarrikatzen dugu».
EAJren diskurtsoaren aldaketak gaitzetsi zituen Carlos Iturgaiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPren buruak. Haren arabera, EAJk Aberri Egunean «erabakitzeko eskubideaz hitz egiten du pandemiaren kudeaketa eskasa egiten ari direla estaltzeko». Iturgaizen iritziz, «herritarrek txerto, lanpostu eta laguntza gehiago behar dituzte, eta autodeterminazio gutxiago».
EH Bildu, EH Batera-rekin
EH Bilduk, berriz, «herri bat gara, burujabe izan nahi dugu, erabakitzeko eskubidea dugu» mezua zabaldu zuen sare sozialetan. Koalizio subiranistak ez zuen ekitaldi propiorik egin, baina, aldiz, bat egin zuen Euskal Herria Batera ekinbideak ehundik gora hiri, herri eta auzotan antolatutako ekitaldiekin.
Aurrez egina zuten ekitaldi horietan parte hartzeko deia. Keinu bat batera izan zen Euskal Herria Batera-ren leloa, eta Txoriak txori, Gernikako arbola eta Ikusi mendizaleak kantatu zituzten bat bestearen atzean, zabaldutako seinalearekin bat.
Iruñeko Gaztelu Plaza. Euskal Herriko hiriburu historikotik, Euskal Herria Batera.#KeinuBatBatera#AberriEguna2021pic.twitter.com/3MmUHrHrhD
— Bakartxo Ruiz (@BakartxoR) April 4, 2021