BERRIAk bat egingo du igandean Euskal Herria Batera herri ekinbidearekin: 12:30ean ikusgai eta entzungai izango dira Aberri Egunerako landu duten mezua eta plazetan eta etxean kantatzea proposatu dituen hiru abestiak. Ekinbideak «ikus-entzunezko seinale bat» igorriko du ordu horretan irratietan, tokiko telebistetan eta sarean, besteak beste BERRIAren webgunean, eta hiru abestiak eskainiko ditu, irakurleek abestu ditzaten: Gernikako arbola, Txoria txori eta Ikusi mendizaleak.
Euskal Herria Batera-k Euskal Herri osoan ospatuko du 2021eko Aberri Eguna; oraingoz, 103 ekitaldi daude antolatuta. «Euskal Herri burujabea» aldarrikatuko dute, eta, sustatzaileek azaldu dutenez, «kantua izango da batuko gaituzten keinuetako bat». Iazko Aberri Eguna leiho eta balkoietan ospatu behar izan zuten herritarrek, kantuan, pandemiaren ondorioz Espainia eta Frantziako gobernuek ezarritako itxialdiarengatik. Nolanahi ere, ariketa hura «arrakastatsua» izan zen Euskal Herria Batera herri egitasmoaren ustez, eta, horregatik, berriro batera ospatzeko deia egin du, baina aurtengo apirilaren 4an plazetara jauzi eginez.
12:30etako seinalea «edozein tokitatik» ikusi edo entzuteko deia egin du Euskal Herria Batera-k, baina aurten herriko eta auzoetako plazetan elkartzeko deia ere egin nahi du: «Herrietako plazetan elkartzeko deia egiten dugu, bai seinalea batera entzuteko, bai herriko musikariekin kantaldiak antolatzeko, betiere COVID-19a dela-eta ezarritako osasun irizpideak zorrotz betez», zehaztu zuten antolatzaileek aurkezpenean.
Nolanahi ere, ez dute proposamena «soilik» plazetara mugatu nahi: «Gauden tokian gaudela, etxean, mendian zein hondartzan, Euskal Herrian zein kanpoan, seinalearekin bat egin eta kantatzeko deia egiten dugu». BERRIAren webgunea izango da seinalearekin bat egiteko bideetako bat. Gainera, Aberri Egunean leiho eta balkoiak ikurrinaz eta nafar ikurrez apaintzeko deia egin du Euskal Herria Batera-k.