Euskara

Uemako kide izatea erabaki du Amasa-Villabonako Udalak

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 89. kidea izanen da Gipuzkoako herria.

Udalbatzak Ueman sartzeko egin duen bozketaren unea. NAGORE ARIN
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 30a
16:56
Entzun

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak kide bat gehiago izanen du laster: Amasa-Villabonako Udala. Gaurko osoko bilkuran erabaki du udalbatzak Uemara sartzea, eta, hala, mankomunitatearen batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean, Uemako 89. herria izanen da Gipuzkoakoa. Gaur arratsaldeko osoko bilkuran egin dute bozketa, eta sartzeko erabakiak aldeko zazpi boto, kontrako bat eta bost abstentzio jaso ditu.

5.881 biztanle ditu Amasa-Villabonak, eta, azken datu soziolinguistikoen arabera, herritarren %67k dakite euskaraz. Euskararen kaleko erabilera %36koa da, eta etxean %42rentzat da euskara ohiko hizkuntza. Datu horiek ikusita, Beatriz Unzue alkateak nabarmendu du hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara biziberritzeko “hizkuntza politika eraginkor eta ausartak” behar direla. Uemako kide izateak horretan lagunduko die, haren ustez: "Uemak zerbitzu ugari eskaintzen dizkie udalei, eta guk zerbitzu horiek baliatu nahi ditugu, euskaraz lasai bizi ahal izango den herri bat izatea lortzeko”. Alkateak nabarmendu du udaleko euskara zerbitzuak eta Uemako teknikariak elkarlanean ariko direla bide horretan.

Amasa-Villabonako udalbatzak gaur arratsaldean egin du hilabete honetako osoko bilkura, eta hartu dituen erabakien artean dago Uemako kide izatea. Unzueren hitzetan, “hamarkada askotan jende askok euskararen alde egindako lanaren emaitza” da gaur hartutako erabakia: "Ueman sartzea mugarri garrantzitsu gisa ikusten dugu, eta jende askok euskararen alde egindako lan guztiaren aitortza egiteko baliatu nahi dugu. Pozik eta harro egotekoa da urte luzez herri erdaldundua izan ondoren –batez ere frankismo garaian- Amasa-Villabona berriro ere herri euskaldunen klubean egotea".

Uemak heldu den maiatzaren 29an eginen du hurrengo batzar nagusia, Amasa-Villabonako Gurea antzokian, eta batzarkideek egun horretan onartuko dituzte udalen eskaera berriak. Amasa-Villabonakoa sartuta, Tolosaldeko 28 herrietatik hamazazpi izanen dira Uemako kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.