EUSKAL PRESOAK

Mendizorrotzako atentatuaz absolbitu egin dute Marixol Iparragirre

Fiskalak 488 urteko kartzela zigorra eskatua zuen euskal presoarentzat, 1985ean Gasteizen Espainiako Poliziaren aurka egiten saiatzea leporatuta. Delitu horretaz errugabe jo du Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Marixol Iparragirre euskal presoa, martxo hasieran, Espainiako Auzitegi Nazionalean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
2021eko martxoaren 30a
16:08
Entzun

Joan den abenduan epaitu zuten Marixol Iparragirre euskal presoa Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1985ean Mendizorrotza inguruan (Gasteiz) Espainiako Poliziaren aurka egiten saiatzea leporatuta. Iparragirrek deklaratu zuen ez zuela atentatu hartan parte hartu, baina fiskaltzak 488 urteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat. Espainiako Auzitegi Nazionalak delitu horretaz errugabe jo du azkenean.

Epaiketa ugari izan ditu Iparragirrek azken hilabeteotan Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta ez da delitu batzuengatik absolbitzen duten lehenengo aldia. Urtarrilean, erraterako, Oviedoko komisariaren aurkako atentatua egiteaz errugabe jo zuten. Fiskaltzak 71 urte eskatzen zizkion, atentatu hori aginduta bost delituren erantzule gisa: bat, «hondamendi terrorista» sortzeagatik; hiru, «hilketa saiakeragatik»; eta beste bat, «lesio terroristak» eragiteagatik. Froga faltagatik absolbitu zuten.

Bertze hainbat auzitan errudun jo dute, ordea. Otsailean 122 urteko espetxe zigorra berretsi zion Espainiako Auzitegi Gorenak Luciano Cortizo Espainiako armadako komandantea hiltzea leporatuta. Orain guti ailegatu zaio bertze epai bat: 1994ko eta 1995eko bi atentatu agindu izana leporatuta 61 urteko zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.