EUSKARA

Hizkuntza eskubideen urraketen kexak %66,7 ugaritu dira urte batean

Guztira 1.299 intzidentzia jaso zituen iaz Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Arlo publikoan, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zuzendurikoak dira kexen erdiak.

Garbiñe Petriati eta Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kideak, gaur, Bilbon egindako agerraldian. BEHATOKIA
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 30a
11:29
Entzun

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egina zuen ohartarazpena joan den ekainerako: pandemiaren ondorioz ugaritzen ari zirela hizkuntza eskubideen urraketak, eta, horiekin lotuta, baita Behatokiari jakinarazitako kexak ere. Gaur goizean emandako datuek berretsi baino ez dute egin uda hasieran iragarri zutena: aitzineko urtearekin alderatuta, %66,7 igo ziren hizkuntza eskubideak urratzearekin loturiko kexak 2020an.

Guztira 1.299 intzidentzia jaso zituen iaz Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Akuilari aplikazioaren eta Euskararen Telefonoaren bidez. Horien artean 1.148 izan ziren kexak: hau da, egunean hiru hizkuntza eskubide urraketa erregistratu zituen Behatokiak. Gainontzekoak zoriontzeak (36), iradokizunak (23) kontsultak (18) eta bertzelakoak (4) izan ziren. Askotarikoak dira jaso dituzten eskubide urraketak, baina, azken urteotan bezala, erakunde zehatz batzuei loturikoak nagusitu dira. Arlo publikoan, erraterako, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jaso dituzte kexen erdiak: 243 jaso ditu Eusko Jaurlaritzak, eta 114, berriz, Nafarroako Gobernuak. Arlo pribatuan, berriz, merkataritza handian, elikaduran eta ostalaritzan erregistratu dira gehien: 78, orotara.

Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak gaur datuen berri emateko Bilbon egindako agerraldian zehaztu duenez, nolanahi ere, arrakala dago errealitatearen eta datuen artean: «Kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez da; izan ere, jakin badakigu herritar askok egoera berezia zela pentsatuaz edo atzerapenak edo bestelako albo kalteen beldur, zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela». Hain justu, Behatokiko kideek pandemiarekin lotu dute kexen gorakada, eta garrantzitsutzat jo dute horri erreparatzea: «Gure hizkuntzaren etorkizuna aztertzeko, behar-beharrezkoa da hizkuntza eskubideekin aurreko urtea bezalako une erabakigarrietan zer gertatzen den ongi aztertzea», azaldu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.

Osasungintzan nabaritu da kaltea, erraterako, eta arlo horrekin loturiko 137 kexa jaso zituzten Behatokian iaz, orotara. Pandemiarekin loturikoak izan dira anitz, Petriatiren hitzetan: «Eguneroko aldaketa, kontratazio zein bestelako neurriek herritarrak euskara lasai erabili ahal izatea baldintzatu dute. Profesionalen eta unitateen antolaketan aldaketa eta lekualdatzeak eman dira, profesional horien aldi baterako desgaitasunen ugaritzeak eragina izan du kontratazio berrietan ezartzen ziren irizpide edo lehentasunetan, eta, nola ez, hizkuntzarena ez da inon lehentasuna izan». Herritarren osasunean ere eragina izan du horrek, Behatokiko kideen arabera.

Izan dira arlo gehiago ere, ordea. Administrazio publikoan, erraterako, anitz izan dira arretarik euskaraz jaso ez dutenak, eta gaztelera edo frantses hutseko idazkiak ugaritu egin dira, Gaubekaren hitzetan. Hezkuntzan irakaskuntza presentziala eteteak eragindako kalteak nabarmendu dituzte, baita zenbait kasutan euskarazko jakinarazpen eta azalpenak beranduago iritsi izana ere. Foruzain, ertzain, Espainiako eta Frantziako polizia eta udaltzainek ere jaso dituzte kexuak. Gaubekak nabarmendu du, gainera, alarma egoerak eta ezarritako neurri eta debekuek «asko baldintzatu» dutela herritarrek haien hizkuntza eskubideen errespetua «lasaitasunez eskatzea». Arlo sozioekonomikoan, azkenik, Behatokiak salatu du ez dela bezeroen euskarazko arreta bermatu: «Informazio eta ohar gehienak gazteleraz jarri dituzte, eta hainbat kate komertzialek sare sozialetan zein webguneetan euskarazko informazioa bermatzeko ez dituzte beharrezko neurriak hartu, ezta sorreratik bertokoak direnek ere». Gaubekak zerbitzuaren kalitatearekin lotu du gabezia: «Eskaintzen diren zerbitzuetan zein langileei zuzendutako oharretan, osasun neurriak azaltzeko gomendio eta jarraibide gehienak erdaraz eskaini dira. Euskarazko arreta eta informazioa ez bermatzea, herritarren oinarrizko eskubideak behar bezala kontuan ez izatetik harago, ematen den zerbitzuaren kalitatearekin erabat lotua dago».

Behatokiko zuzendariaren ustez, ordea, horrek ez luke hala behar: «Herritarrek osasun egoera larriak zein arazo sozioekonomikoak dituztenean, laguntza baliabideak edo zerbitzuarekiko informazioa euskaraz jaso ahal izateak herritarrekiko enpatia eta zaintza erakusten ditu». Hala gertatu ez denez, administrazio publikoko eta eremu sozioekonomikoko erakundeei deia egin diete herritarren hizkuntza eskubideak «oinarrizko balio gisa» aintzat hartzeko «noranzkoan» lanean «hasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.