Aspaldi ikusi gabeko lagunen arteko agurrak, poza, korapiloak, isiltasunak eta txalo zaparrada luze bat. Denetik izan zen atzo Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian. Joan den azaroan estreinatu zen Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera ardatz duen Sisiforen paperak antzezlana, eta atzo BERRIAk emanaldi berezi bat antolatu zuen Egunkaria-ko eta BERRIAko langileentzat eta langile ohientzat.
Harkaitz Cano da antzezlanaren egilea, eta Fernando Bernues zuzendaria. Tanttakak ekoitzi du obra, eta arrakasta handiz estreinatu da azken hilabeteetan. 11 antzezlek eta musikari batek hartzen dute parte.
Antzezlanaren ostean, Egunkaria-ko langile izandako hainbaten adierazpenak jaso ditu BERRIAk. Gehienek nabarmendu dute obrak bikain islatzen duela, une gogorrak ez ezik (itxiera, torturak eta abar), erredakzioko orduko egunerokoa ere.
Harkaitz Canoren lana goraipatu dutenetako bat Lorea Agirre izan da, Egunkaria-ko langile izandakoa: «Nolabait notiziaren parte izan ginenontzat oso berezia da antzezlan hau ikustea. Antzezlan brillantea iruditu zait, lan handi bat». Aitortzarekin bat egin du Koldo Aldabek ere, nahiz eta bazekien «artista kuadrilla horrek zerbait ona» egingo zutela: «Korapilo batekin atera naiz, eta, orain, aspaldiko adiskideekin elkartutakoan, hura askatzen hasi naiz».
Aldabek aitortu du erredakzioko anekdota mordoa etorri zaizkiola gogora. Baita Jose Luis Aizpururi ere, haren iritziz antzezlanak ondo islatzen baitu Euskaldun Egunkaria zerzen: «Obra erreala da; bizi izan genuena dago hor».
Aspaldiko lankideekin
Atzokoa, ordea, ez zen emanaldi soil bat izan. Oholtza gaineko ikuskizunaz gain, berezia zen elkartu zen ikusle talde zabala ere. Andres Gostin Egunkaria-ko langile ohiak horixe nabarmendu du: «Antzezlana berezia da, baina kontuan hartu hemen nor elkartu garen gaur; horrek are gehiago hunkitu gaitu. Gure ofizioaren alde onak eta txarrak azaleratu ditu Canok».
Harekin bat egin du BERRIAko egungo zuzendariorde Amagoia Mujikak, eta antzezlanak hurrengo egunetan gertatutakoak gogorarazi dizkiola aipatu du: «Hunkigarria egin zait. Lankide ohiak ikustea, gogoratzea zer gertatu zen, nolakoak izan ziren hurrengo egunak, nola prestatu genuen hurrengo eguneko egunkaria... antolaketa hura miresgarria izan zen». Antzezlanarekin erabat identifikatuta sentitu dela erantsi du.
Obrak, ezinbestean, Euskaldunon Egunkaria-rekin gertatu zenaren memoriari eusten lagunduko du, eta hori garrantzitsua dela azpimarratu zuen Aitziber Iartzak: «Eskertzen da halako lan bat egitea, Egunkaria-rekin gertatutako injustiziren konstantzia gera dadin».