Erritmoa «nahi baino motelagoa» izan arren eta lobbyen presioak presio, Foro Sozial Iraunkorrak begi onez ikusten ditu azken bi urteotan gertaturiko euskal presoen hurbiltze eta Euskal Herriratzeak, baita emandako bigarren graduak ere. Horiek bizkortzeko eskatu dio, halere, Espainiako Gobernuari. Zehazki, Andaluziako eta Levanteko kartzelak «hustea» nahiko luke Foro Sozialak, presoen arazoa konpontzeko «lehen fasea» itxi ahal izateko: «Pandemiaren ondorioengatik eta arrazoi humanitarioengatik, ez dago argumentu politikorik familiarren sufrimendu erantsia hiru hilabete gehiago luzatzeko», argudiatu du Foro Sozialak. Gaineratu du «keinu» horrek bat eginen lukeela Hego Euskal Herrian dauden adostasun instituzional, sindikal eta sozialekin.
Era berean, Foro Sozialak adierazi du «positiboa» dela Eusko Jaurlaritzak Jaime Tapia izendatu izana espetxeen eskumena kudeatzeko aholkulari. Foroak adierazi duenez, Jaurlaritzarekin ados daude ideia batekin: presoak izan behar direla espetxe politikaren «erdigunea». Jakinarazi dute bilera bat eskatuko diotela Tapiari, «motibazio politikoko delituengatik presoen birgizarteratzearen inguruan Foro Sozialak egindako hausnarketak eta gomendioak helarazteko».
Hurbilketak, bigarren graduak eta espetxe eskumenaren transferentzia gertatuta, «lehen fasea» itxi eginen litzateke, eta, horrenbertzez, bigarrenari begira dago jada Foro Soziala: gizarteratze ibilbideak, hirugarren graduak eta 7/2003 legea leudeke bigarren fase horretan, eta foroak «konfiantza giroa» beharrezkotzat jo du «korapilo» horiek askatzeko.
Zazpi preso gehiago Euskal Herrian
Etxerat-ek asteburuan jakinarazi duenez, Euskal Herriratzea iragarria zuten zazpi preso ekarri dituzte azken egunotan Euskal Herriko espetxeetara: Gorka Loran, Sergio Polo, Patxi Markes, Gorka Vidal, Roberto Lebrero eta Iñaki Armendariz Zaballara ekarri dituzte (Araba), eta Jurdan Martitegi Martutenera (Donostia). Francisco Jose Ramada, berriz, Iruñeko espetxetik Martutenera lekualdatu dute, eta Iñigo Zapirain Romano Duesora hurbildu (170 kilometro).
Horiekin, 28 euskal preso daude gaur egun Euskal Herriko espetxeetan. Mugimendua iragarria dutenak baina oraindik lekualdatu ez dituztenak 42 dira.