euskal errepublika

Loiolako kuartela «desjabetu» dute euskal errepublikaren alde

Herritar ugari joan dira Donostiako kuartelaren atariraino, eta «kanporatze agindua» entregatu dute bertan.

jon olano
2021eko martxoaren 27a
15:47
Entzun

Donostiako Loiola auzoan Espainiako Armadak daukan kuartela «desjabetzeko» protesta bat egin dute hainbat herritarrek kuartelaren atarian. Euskal Errepublikako Obra eta Zerbitzuen Ministerioaren izenean, gutun bat helarazi diete bertan dauden militarrei, astebeteko epean kuartela husteko aginduz: «Horren arrazoiak honako hauek dira: euskal errepublikaren aldarrikatzea eta instalazio horiek Loiolako bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko duten polikiroldegi eta erabilera sozialerako lokal bilakatzea». Epe horretan kuartela hustu ezean, «legezko ekintzak» hartuko dituztela diote gutunean: «Besterik gabe, agur esaten dizuegu, uste osoa baitugu eskatutako epean instalazioak utziko dituzuela. Kasu horretan, ez da legezko ekintzarik hartuko».

Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak deituta egin dute protesta. Eguerdian jarri dute hitzordua, Loiolako Latsari plazan, eta hortik abiatu dira kuartela auzora lotzen duen zubirantz. 300 metro inguruko tartea dago bien artean, eta musika doinuekin eta euskal errepublikaren alde oihu eginez egin dute bidea, Intsumisioaz euskal errepublika leloa zuen pankarta zeramatela.

Zubian, zain zituzten Ertzaintzaren lau furgoneta eta zortzi agente. Zubia ezin zeharkatuta, protestan ari zirenek maletak utzi dituzte pilatuta ertzainen parean, militarrek handik joan behar dutela irudikatzeko. Tentsioak gora egin du une batean, bertara joandakoak zubia zigilatzen hasi direnean; bultzaka atzera eginarazi diete poliziek. Oihuen artean, «militarrik gabe askoz hobe» edota «militarrak, bizkarroi sozialak».

Protestak kolorea hartu du orduan; kolore ugaritako kezko bengalak zabaldu dituzte, inguru osoa ia ikusezin bilakatzeraino.

Lurrez ez ezik, urez ere batu dira mobilizaziora. Behin aireko kea garbituta, bi traineru heldu dira Urumea ibaian gora; kuartelaren ibaiertzean gelditu, eta Euskal errepublikara bidean zioen pankarta jarri dute, Urumearen gorako norabidean jarraitu aurretik. Etxafuego sorta baten burrunbarekin amaitu da protesta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.