2021erako iragarpen zaharkitua aldatu du azkenean Eusko Jaurlaritzak. Urte hasieran ostalaritzari eta beste sektore batzuei jarritako murrizketen eta nazioarteko egoera kaskarraren ondorioz, baikorregia zen aurten barne produktu gordina %8,6 handitzea, Jaurlaritzak iragartzen zuen bezala. Eguneratutako aurreikuspenek diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %6,7 handituko dela aurten.
Bada, ordea, aldatu ez duen iragarpen bat: ekonomia 2022an itzuliko da koronabirusaren krisiaren aurretik zuen mailara. Are gehiago, urte horren erdialdera da itzultzekoa, 2022 amaieran 2020an galdutakoa —%9,5— bainao bi puntu handiagoa izango dela kalkulatu baitu Ekonomia Sailak.
Urtearen hasiera iaz iragarritakoa baino gogorragoa izaten ari da, eta eurogunean atzeraldiak jarraituko duela uste du Europako Batzordeak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan halakorik ez duela espero esan du Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, baina ez du hiruhileko arteko tasarik aurreratu nahi izan. Berez, 2020ko azkena uste baino positiboagoa izan zen, industriaren eta eraikuntzaren bultzadari esker %0,5eko tasa positiboa izan baitzuen ekonomiak.
Urte arteko tasei dagokienez, hobekuntza nabaria izango da amaitzen ari den hiruhilekotik bertatik: negatiboan jarraituko du, -%2,5ean, baina 2020ko azkeneko hiruhileko -%7,6tik urrun.
Hortik aurrera, tasa positiboetara itzultzea espero du Azpiazuk, batez ere txertaketaren eskutik jarduera ekonomikoa suspertzen bada. Bigarren hiruhileko hazkundea ikusgarria izango dela iragarri du Jaurlaritzak (%17,8), baina hori izango da iazko hiruhileko okerrenarekin alderatuko delako (-%19,5).
Industria, hobeto
Industria izango da hazkunde horren motor nagusia, 2021an beste sektoreak baino gehiago baita haztekoa, %8,3. Azpisektore batzuk jada krisi aurreko mailan daude, baina badira horretara itzultzea kostatuko zaienak ere, hala nola aeronautika eta energia.
Eskariaren aldetik, kontsumo publikoak (+%3,4) lekua egingo dio kontsumo pribatuari (+%6,9), nahiz eta Jaurlaritzak espero duen familiek zuhur jokatuko dutela eta krisiaren aurretik baino diru gehiago aurreztuko dutela. Enpresek, ordea, inbertsio handiak egingo dituztelakoan da gobernua: inbertsioa %8,4 da haztekoa aurten. «Berri ona da, hurrengo urteetan hazkunde orekatuagoa eta iraunkorragoa erraztuko duelako».
Enplegua aurten %1,5 handituko dela kalkulatu du Jaurlaritzak. Horrenbestez, langabezia tasa poliki hasiko da behera egiten: 2020ko %10,5etik %10,1era jaitsiko da aurten, eta %9,5era datorren urtean.
Nafarroako datuak
Nafarroan ere egingarria dirudi BPGa 2022 erdialdera heltzea 2019ko mailara, batez ere kontuan hartuta zati handiena aurten berreskuratuko duela Nafarroako Gobernuaren iragarpenez betetzen bada (+%6,5). Izan ere, Nastatek berretsi du 2020an BPGa %8,3 txikitu zela, jaitsiera handiena 36ko gerraz geroztik, eta oso gainetik 2009ko krisi gogorrean ikusitakotik ( -%2,9).
Ostalaritzak, garraioek, merkataritzak eta kulturak izandako mugek asko jaitsi zuten zerbitzuen ekarpena (-%9,3). Portaera txarra izan zuten beste sektoreek, baina ez hainbestekoa: -%5,8 industriak, -%3,9 eraikuntzak eta -%3,2 nekazaritzak.
Enpleguari dagokionez,% 4,3 jaitsi zen, batez ere industrian (-%4,4) eta zerbitzuetan (-%7).