Garai ezegonkorrak atzean uzteko ahaleginetan da PP Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Alfonso Alonso alderdiko Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak dimisioa eman zuen 2020ko otsailean, Pablo Casado PPren Espainiako presidenteak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hautagaia inposatu eta gero, eta, harrezkero, Carlos Iturgaizek zuzendu du alderdia, haren presidentetza berretsiko duen kongresua noiz egingo.
Hiru herrialdeetan ere zehaztu beha dituzte buruzagiak. Araban, Iñaki Oiartzabalek jarraituko du karguan, beste inor ez delako aurkeztu. Atzo amaitu zen hautagaitzak aurkezteko epea, eta 300 berme eman zituen Oiartzabalek —gutxienez 75 behar dira—. Alderdiak ohar batean nabarmendu du «batasunaren isla» dela hori. Apirilaren 24an egingo dute Arabako kongresua.
Gipuzkoan, berriz, urtebete ez aurrera ez atzera egon ostean, geldialdia amaitzear da. 2020ko urtarrilean dimisioa eman zuen Borja Senper presidenteak —alderdia eta politikagintza utzi zituen—, eta, harrezkero, Jose Luis Arrue behin-behinean aritu da lehendakari lanetan. Orain, Muriel Larrea legebiltzarkideak hartuko du Senper herrikidearen lekukoa —biak dira Irungoak—; harena izango da aurkeztuko den hautagaitza bakarra. Maiatzaren 9an egingo dute hura aukeratzeko kongresua.
Larreak gaur aurkeztu du bere hautagaitza, eta azaldu du lan egingo duela «oinarritik zentro-eskuinaren suspertzea ahalbidetzeko» eta «gipuzkoarrei behar duten ilusioa itzultzeko». Erantsi du PP dela «Gipuzkoa hobetzeko alternatiba bakarra».
Bizkaian, berriz, maiatzaren 15ean egingo dute kongresua. Espero da Raquel Gonzalezek jarraitzea presidente karguan; hura izan zen iazko buruzagitza aldaketan Iturgaizen alde egin zutenetako bat.