Eusko Jaurlaritzak datozen asteetan jasoko ditu espetxe arloko eskumenak, eta haren egitekoa izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako kartzela eredu bat diseinatzea. Eredu hori «birgizarteratzean eta justizia berrosatzailean» oinarrituko dela adierazi du gaur Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak.
Eusko Legebiltzarrean galdetu diote gaiaz Urkulluri, gobernuaren kontrol saioan, eta hark erantzun du Espainiako Konstituzioan eta Espetxe Lege Orokorrean jasotako printzipioen arabera jokatuko duela Jaurlaritzak eredu propioa garatzerakoan. Gainera, gogorarazi du eskumen hori jasota dagoela 1979ko estatutuko 10.14 eta 12.1 artikuluetan 41 urte igaro direla transferitu gabe.
Urkulluk Hitzeman programa ekarri du gogora, eta erantsi, hura indarrean ez badago ere, programa horren ondorioak kontuan hartuko dituztela kartzela eredu berria definitzeko. Oroitarazi duenez, 2015ean Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko orduko presidenteari eman zion programa, eta bi urtez egon zen indarrean. Espetxe Erakundeen Idazkaritza Orokorrak eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak ere programaren berri izan zuten «hasieratik». Urkulluk nabarmendu du egitasmo hori «nazioarteko zuzenbidearen, giza eskubideen eta justizia berrosatzailearen europako ildoaren markoan» kokatzen zela.
Jaurlaritzak bi helduleku izan beharko lituzke kartzela eredu propioa diseinatzeko.Batetik, 2019ko txosten batean, Justizia Sailak hiru helburu ezarri zituen: ratioa 40tik behera murriztea, erregimen irekian dauden presoen ehunekoa %25etik %40ra haztea, eta delituak berriro egiten dituztenen ehunekoa %45etik %30era apaltzea.
Bestetik, Eusko Legebiltzarrak, 2019ko martxoaren 13ko bilkuran, 59 puntu adostu zituzten, eredu berriaren «oinarria» definitzeko, eta aurtengo otsailean, parlamentuak Jaurlaritzari eskatu zion 2019ko bilkurako puntu horietan oinarritzeko espetxe eredua garatzerakoan. Besteak beste, legebiltzarrak adostu zuen espetxe eredua «giza duintasunean» zentratu behar dela, «espetxe erabilera gutxitzean eta zigortutako pertsonen gizarteratzean, askatasuna kentzen ez duten neurri eta erregimenen areagotzean».
Transferentzien sinadura, apirilean
Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua apirilean dira sinatzekoak eskumenen transferentziaren egutegian zehaztutako lehen blokeko eskumenen eskualdaketa; horietako bat da kartzelarena. Guztira, ordea, martxorako 11 eskumen eskualdatzea aurreikusi zuten bi gobernuek, baina ez dirudi erdiak baino askoz gehiago transferituko dituztenik oraingoz. Jaurlaritzako lehendakariorde Josu Erkorekak esan zuen «lehentasunez» zazpi eskumen negoziatzen ari zirela, eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua estutu beharraz mintzatu zen Andoni Ortuzar EAJko lehendakaria asteazkenean, eskumenen transferentzia azkartzeko.