'Zabalza auzia'

Kongresuak ez du onartu 'Zabalza auziko' agiriak sekretupetik ateratzea

EAJk egindako proposamenaren kontra egin dute PSOEk, PPk, Vox-ek eta Ciudadanosek. Unidas-Podemosek alde egin du.

Aitor Esteban, atzo, Kongresuan. CHEMA MOYA, EFE
2021eko martxoaren 25a
17:09
Entzun

PSOE, PP, Vox eta Ciudadanos elkartu dira Zabalza auziari buruzko agiriak sekretupetik ez ateratzeko. EAJk eraman du gaia Kongresura, bozkatzeko. Kontrako 274 boto izan ditu, eta aldeko 74. Unidas Podemosek ere babestu du EAJren eskaera. Espainiako Gobernuari eskatzen zion auziarekin zerikusia duten agiriak sekretupetik atera ditzan, eta Estatuko Fiskaltza Nagusiak berriz ireki ditzan kasu horri dagozkion eginbideak.

Aitor Esteban EAJko diputatuak esan du asmoa ez zela erakundeen aurka edo ETAren biktimen aurka egitea, baizik eta dokumentazioa bilatzea Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruan. Eskaera honen jatorriak hedatu berri den entzuketa batzuetan du oinarria: Cesid-eko Juan Alberto Perote eta Guardia Zibileko kapitain Pedro Gomez Nietoren arteko elkarrizketa bat da. Elkarrizketan entzun daitekeenez, Gomez Nietok Peroteri esan zion bere ustez Zabalza galdekatu zutenei «eskua joan» zitzaiela: «Itaunketan bertan gelditu zaie». Perotek galdetu: «Uste duzu Intxaurrondon bertan geratu zaiela?». Eta Gomez Nietok erantzun: «Bai, nire irudipena da galdeketan bihotzekoak emango ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire irudipena. Huts asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Medikuak zioen osasunez gaizki zegoela, azken urtean hiru ebakuntza egin dizkiotela Zabalzari».

Zabalza (Orbaizeta, Nafarroa, 1952 - Endarlatsa, Nafarroa, 1985) 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren gorpua hiru aste geroago agertu zen, Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Ikerketa artxibatu egin zen, besteak beste, Zabalza hil zutela ezin frogatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.