Patxi Zamorak, CAN auzia salatu zuen Kontuz elkarteko eledunak, Iberia konpainian lan egiten zuen, hegazkin zerbitzari, harik eta 2017ko azaroaren 22an Guardia Zibilak hegazkinetan sartzeko baimena atzera bota zion arte. Ondorioz, aire konpainiak kaleratu egin zuen Zamora. Orain, Espainiako Gobernuak aitortu du Zamora bere ideia politikoengatik egotzi zutela.
Iñigo Barandiaran EAJko diputatuak egindako galdera bati erantzunez, Espainiako Gobernuak azaldu du, batetik, «arriskuak aztertuta» egiten direla txostenak, «abiazio zibileko segurtasunerako mehatxuak saihesteko», eta, horretarako, «aurrekarien egiaztapen indartua» egin ohi dela, Hegazkintza Zibilerako Segurtasun Programa Nazionalaren alderdi publikoaren H eranskinaren 6.2. artikuluaren arabera.
Segidan, ordea, gobernuak azaldu du Patxi Zamora Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenda batean aurkeztu zela 2007ko hauteskundeetan, eta Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuela zerrenda hori. Erantzunean adierazten denez, «interesdunen defentsarako mekanismoak Hegazkintza Zibilerako Segurtasun Programa Nazionalaren zati publikoko H eranskineko 9. artikuluan jasotzen dira», eta bertan ezartzen da «zein den egokitasuna baloratzeko prozedura gainditzen ez duen pertsona baten defentsarako mekanismoa».
Barandiaranek uste du gobernuaren erantzuna «eskandalu onartezina» dela, eta salatu du «oinarrizko eskubideen eta lan eskubideen urraketa nabarmena» dela Zamorak inhabilitatu eta kaleratu zutenetik jasan duen «babesgabetasuna», «kaleratu egin zutelako, lan horretan jardutea galarazi ziotelako, eta errugabetasun presuntziorako eskubidea bidegabe erabili zutelako». Barandiaranek azaldu du EAJ lanean ari dela Espainiako Kongresuan gaiari buruzko egitasmo gehiago aurkezteko, «jasotako erantzuna salatzeko eta Espainiako Gobernuari azalpenak eskatzeko».