Ekonomia fakultate batean irakasle batek bere ikasleei proposatutako ariketa bat izan zitekeen: zer gertatuko litzateke bat-batean ekonomia geratuko balitz? Zer gertatuko litzateke fabriketako makinak geratuko balira, bulegoetako ordenagailuak itzali, dendak eta tabernak itxi, eskolak hustu, kamioiak garajean utziko balira...? Bada, ekonomia ikasle horiek jada ez dute hausnarketa teorikoetan ibili behar, ezta kalkulu konplikatuetan hasi ere. Esperimentua izan zitekeena errealitate bihurtu zen Euskal Herrian, Europa osoan eta munduko herrialde gehienetan, orain duela urtebete. Oraindik modu batera edo bestera irauten duen proba bat. Eta, esperimentu gehienetan gertatzen den bezala, emaitza ez da ona izan, suarekin jolastea ez baita oso gomendagarria. Berez, esaldi bakar batekin esplika daiteke zer gertatzen den jarduera ekonomikoa geratzen denean: krisi bat sortzen da.
Kasu honetan, gainera, krisi horrek badu berezi egiten duen ezaugarri bat, nahita eragindakoa izan dela. Kaltea eragingo zuela jakinda hartutako erabaki politiko batek piztu zuen krisi ekonomikoa, osasunari lehentasuna eman baitzitzaion arrazoi soilik ekonomikoen kaltetan.
Denborarekin ikusi da, gainera, zentzu gutxi duela ekonomia eta osasuna kontrajartzeak, biak ala biak lotuta daudelako: ez dago ekonomiarik osasunik ez badago, baina osasunak ere behar due ekonomiak funtzionatzea —psikologikoki ez ezik, dirutan ere norbaitek ordaindu behar duelako pandemiak eragindako gastua—. Konfinamenduen urteurrenean, osasunaren eta ekonomiaren arteko oreka zail hori garai bakoitzean non dagoen neurtu nahian dabiltza munduko herrialde gehienak; ez geldi, baina oraindik martxa osoa hartu gabe, osasun arazoa ez delako konpondu, eta hori konpondu arte ez direlako gauzak beren bidera etorriko.
Inoiz ikusi gabeko amiltzea BPGan
Barne produktu gordina da ekonomia baten jokaera neurtzeko gaur erabiltzen den parametro nagusia, sortutako ondasunen banaketa neurtzeko mugak oso nabariak dituen arren. Kasu honetan, ordea, BPGak adierazi du jarduera ekonomikoa geratzearen neurria zein izan den: historikoa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %9,5 txikitu zen iaz BPGa, eta %8,3 Nafarroan. 36ko gerraz geroztik ikusi gabeko kopuruak dira, eta Europako kaskarrenetakoak —nagusiki turismoaz bizi diren lurraldeek izan dituzte okerrenak—.
Baina, aldi berean, ekonomiak erakutsi zuen erreboterako gaitasuna baduela: udaberri itxi batean galdutakoaren zati bat berreskuratu ahal izan zuen udan, gerrikoa —edo maskara— pixka bat lasaitu zuenean.
Irekitako zaurian hazka egiten
Atzeraldi Handiak irekitako zauri sakonak itxi gabe zeudela iritsi zen krisia Euskal Herriko lan merkatura: langabezia tasa handia, behin-behinekotasuna zabal-zabal —gazteen eta emakumeen artean nagusiki— eta sektore gero eta gehiagoren prekarizazio ia erabatekoa. Krisiak ez du ezer egin arazo horiek konpontzeko; are gehiago, kalte gehiago egin die aurretik ere okerren zeudenei. Datu hutsei erreparatuz gero, egia da iragarpen ezkorrenakez zirela bete, baina horrek ez dio larritasunik kentzen egoerari. Gaindegiaren arabera, Euskal Herri osoan 17.500 langabe batu ditu 2020. urteak, eta jada hamar langiletik bat dago lanik gabe, kopururik handiena 2017az geroztik.
Zenbaki okerragoak ematen dituzte enplegu bulegoek: 2021eko otsailean 172.000 lagun zeuden lanik gabe Hego Euskal Herrian, urtebete lehenago baino 22.000 gehiago. Gizarte Segurantzak, berriz, 25.000 kotizatzaile galdu ditu azken urtean.
Zenbaki txarragoak izango ziren, baldin eta ez balira erruz erabili kontratuak aldi baterako eteteko tresnak: lanaldi partzialak Iparraldean eta ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak Hegoaldean. Itxialdiaren garairik latzenean 230.000 langile egon ziren egoera horretan Hegoaldean, ia lautik bat. Otsailean, oraindik 46.600 zeuden lanera itzuli ezinik.
Aeronautikaren lurreratze gogorra
Hazkunde ekonomikoko garaietan ere kaleratze masiboek ez zuten etenik izan Euskal Herrian, baina koronabirusaren krisiak indarrez jarri ditu berriz egunkarien eta albistegien azaletan. Zarata gehien Siemens Gamesaren erabakiak eragin zuen, Agoizko lantegia itxi baitzuen udan, eta 239 langile kalean utzi. Beste multinazional batzuek, bertakoak horiek ere, itxieraren sirena jo zuten: azkeneraino Gestampek Matricerias Deuston eta GTSn, eta azken-aurrekoraino CAFek Trenasan. Lantaldea asko urritu dute beste batzuek —Tubacexek, esaterako, 129 langile gutxiago izango ditu aste honetatik aurrera—, baina sektore batek eragin ditu titulu gehien: aeronautikak.
Bidaiatzeko mugek %70 murriztu dituzte bidaiariak Euskal Herriko aireportuetan, eta zerua pixka bat garbitu dituzte.
Baina, aldi berean, kolpe latza izan dira hegazkinentzat osagaiak egiten dituen euskal industria indartsuarentzat, eta, protesta artean, erreskadan iritsi dira kaleratzeak Alestisen, ITPn, Lauak-en, Aernnovan, MTorresen...
Industriaren arazoen berri ematen duten bi indizek jaitsiera handiak izan dituzte: industriaren jarduera %13 inguru txikitu da, eta %16,4 urritu dira esportazioak, euskal ekonomiaren sustraietako bat.
Sozializazio debekatuaren aroa
Sektore ekonomiko gehienek sufritu dute pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien eragina, baina gutxik ostalaritzak eta turismoak bezainbeste. Ixten lehenak izan ziren tabernak eta jatetxeak, eta egoera normal batera itzultzen azkenak izango dira, sozializatzeko guneak baitira sozializatzea debekatzea edo mugatzea arau izan diren urte batean. Ipar Euskal Herrian itxita daude udazkenetik, eta Hego Euskal Herrian arauen aldaketa etengabeek ostalariak nahasi eta haserrearazi dituzte; jasotako laguntza publikoek ez dituzte baretu, SOS Ostalaritza eta Kasu, Ostalariak Kexu! mugimenduen sorrerak erakusten duenez. Ostatu askok ez diote buelta emango kolpeari, eta hori gertatuko da turismoarekin lotutako beste negozio askorekin ere.
Geratutako kontsumoaren esperoan
Txertoek COVID-19aren hedapena geratzen dutenean ekonomiak suspertze handia izango duela kalkulatzen ari dira iragarle guztiak, besteak beste, azken urtean egin gabeko gastu batzuk egiteko irrikitan izango direlako horretarako egoera ekonomikoan dauden herritarrak. Kontsumoa da ekonomia kapitalista modernoen motor nagusia, eta gurpilak trabatuta zituela aritu da urte osoan. Etxebizitzen salmentak, esaterako, sei urte iraun duen goranzko joera bat eten du, %17,2ko jaitsiera izan baitu Hegoaldean.
Kolpea handiagoa izan da familien gasturik handienetan bigarrena den horretan, autoen erosketan: %24,5 txikitu dira matrikulazioak Hego Euskal Herrian, erakunde publikoak haien erosketa laguntzen aritu diren arren.
Artikulu bilduma:Itxialdien itzalean