Arnasa Gara

Telleria: «Bertako gastronomia famatzen dute, eta gaztelera saltzen dute euskal produktuekin batera»

Antton Telleria izan da Arnasa Gara kanpainako lehen elkarrizketatua. BERRIAren Instagram kanalean egin diote elkarrizketa.

Antton Telleria irrati esataria eta umorista. ANDONI CANELLADA / FOKU
2021eko martxoaren 24a
18:14
Entzun

Euskara da gure postalik ederrena du izena Arnasa Gara kanpainako lehen bideoak. Bi gazte katalan, terraza batean, saiatzen dira ahalik eta ondoen prestatzen esan beharrekoa, zerbitzariari euskaraz eskatzeko. Euskalkiaren arabera ere mezua findua dutenean, zerbitzariak: «¿Qué os pongo?», gaztelaniaz. Bi minutuko bideo bat da, Hiru Damatxok egina Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatu duten Arnasa Gara kanpainarako. Egoera horrek, baina, gogoetarako bidea eman dio Antton Telleria irrati esatari, aurkezle eta umoristari. Nagore Arin kazetariarekin solastatu da, BERRIAren Instagram kontuan.

«Hizkuntza txikixeagoak hitz egiten ditugunok badugu enpatia puntu hori. Beti apaltasun horretatik ezagutu dugu hizkuntza, eta horri esker ikasi dugu, besteak beste, euskaldunok eta katalanek, atzerrira joandakoan, keinu polita dela egokitzea eta moldatzea zoazen leku horretako egoerara», azaldu du Telleriak. Bideoak agerian uzten du «paradoxa» zer-nolakoa den: «Haiek egin dute esfortzua; saiatu dira egokitzen, euskalkia bera ere errespetatzen, eta bertakoa den zerbitzariak ez du horren laurdenik ere egin».

Telleriak bereizi egiten ditu, beraz, hizkuntza minorizatuen hiztunek eta hizkuntza nagusia mintzo dutenek izan ohi dituzten jarrerak: batzuei enpatia sumatzen die, eta besteei, berriz, «arrogantzia». Igartzen du zera pentsatzen dutela: «Mundu guztiak ulertzen dit niri, zergatik egingo dut egokitzeko esfortzua?». Elkarrizketan esan du garrantzitsua iruditzen zaiola tokian tokiko errealitatera pixka bat gerturatzea: «Leku batera joan eta bertan ondo sustraituta dagoen jendea ezagutzeko, benetan bidaiatzeko, gerturatu beharra dago. Gustatzen zait hori; disfrutatzeko moduko zerbait da», esan du.

[youtube]https://youtu.be/PvGUBmw7__4[/youtube]

Terrazako eszena ez da, ordea, inguruan ikusten duen paradoxa bakarra. Janariarekin gertatzen dena jarri du adibidetzat: «Asko famatzen da Euskal Herriko gastronomia; etengabe azpimarratzen dute bertakotasun hori, lurra bera dastatuko duzula, baina, aldi berean, maila linguistikoan, urdaiazpikoa saltzen ari dira: gaztelera bera, euskal produktuekin batera». Telleriak ez du uste hori eraginkorra denik ere, turistei gustatzen zaielako leku bakoitza ongi ezagutzea: «Bertako produktua saltzearekin batera, hizkuntza bera ere saldu behar da».

Testuinguru horretan, Telleriak esan du berak salbuespen egoera bat bizi duela: «Inguru erabat euskaldun batean bizi naiz, erabat». Tolosan, edozein tokitan du euskaraz aritzeko aukera, eta uste du oro har gaindituta dagoela euskaldunek lehen hitza esatean izan ohi duten «konplexua».

Antton Telleriarena lehena izan da, eta datozen asteetan elkarrizketa gehiago egingo dituzte astero. Besteak beste, Aitziber Garmendiari, Eñaut Elorrietari, Ander Lipusi, Iratxe Urkiagari eta Sambou Diabyri egingo diete elkarrizketa, Instagramen, zuzenean. Guztiek hitz egingo dute Arnasa Gara kanpainak aste horretan ateratako gaiari buruz. Hala, aitortza egin nahi diete euskararentzat arasgune diren udalerrietako herritarrei, hizkuntza ohituren inguruan pentsatzeko eta euskaraz hitz egiten ahalduntzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.