Musikatuak izan dira aurtengo Gutun Zuriako lehen hitzak. Anarik Inon izatekotan abestiarekin hasi zuen orobat Inon izatekotan izena zuen ekitaldia, eta, harekin batera, baita Bilboko Letren Nazioarteko jaialdia ere. Gitarra batek lagunduta interpretatu zituen ahapaldiak, Azkuna zentroko auditorium betearen aurrean —ikuskizuneko sarrera guztiak saldu zituzten, hainbatetan gogorarazi zutenez—. Iñigo Astiz idazle eta BERRIA egunkariko kazetaria zuen parean, doinuez gozatzen, jarraian hasiko zen elkarrizketako galderak errepasatzen zituen bitartean.
Anariren sorkuntza prozesua eta ibilbidea xehatzea zituen jomuga ekitaldiak, eta 24 urte egin zuen atzera Astizek musikariaren karrera hasiera-hasieratik aletzen hasteko. «Anari euskal kantagintzara heldu zen, gauez eta kotxean, eta kronikarik onenen xehetasunarekin eta girotzearekin», esan zuen Astizek, Anari (Esan Ozenki, 1997) lehen diskoko lehen abestiaren hasiera gogora ekarriz. «Gaua da kotxean sartzen naiz, euri malkoak parabrisan, eta ilargiak ez dit esaten ez non, norekin ikusten zaitun gau hontan». Anarik hala errezitatzen ditu hitzok diskoan, a cappella, eta orobat a cappella erreproduzitu zituen idazleak ere.
Doinuen laguntzarik gabeko zati batekin hastea eta kanta osoak duen kronika izaera: Anariren kantagintza «definitzen» duten elementuak iruditzen zaizkio Astizi, eta, ildo horretatik, hitzen garrantziaz itaundu zion aurrenik. Anarik poesia musikara eraman duten Ruper Ordorika eta Mikel Laboa aipatu zituen, hasieratik izandako erreferente gisa, eta, «literaturazale inpultsiboa» izanda, segur aski irakurritako horien «imitazioz» ere sortzen hasiko zela adierazi zuen.
Halere, eszeptiko agertu zen poesia musikara zuzenean eramatearen inguruan. Abestiak «bere parametro propioa» duela adierazi zuen musikariak, «abesti oso sinplea oso ona izan» baitaiteke, haren iritziz. «Batzuetan, poesia musikara eramateak ez du funtzionatzen. Beste idazkera mota bat eskatzen du, musikak ere informazioa transmititzen duelako». Hala, hitzak ontzeko orduan isiltasuna ere ondo kudeatu beharreko aldagaia da, hark esandakoari erreparatuta: «Niretzat hutsuneak hitzaren ia garrantzi bera du».
Inflexio puntuak
Diskoei berei heldu zietenean, batetik bestera izandako aldaketak ere izan zituzten ahotan solaskideek. Urteekin, bere abestietako hitzen eta doinuen «proportzioa» aldatu egin dela, hori adierazi zuen Anarik: «Bi belarritik entzuten dugu musika: produkziotik eta hitzetatik. Hasieran, gehiago grabatzen nuen produkzioaren belarritik, baina, orain, gehiago hitzenetatik. Hori da bilakaerarik garrantzitsuena».
Ez da Anariren kantagintzak izan duen aldaketa bakarra, halere. Habiak (Esan Ozenki, 2000) diskoa, bigarrena, beste hainbat bilakaeratako inflexio puntua izan zen. «Tristura eta sakontasun giroa» lortu zuen lanean, Nick Caveren eta Leonar Cohenen bidetik, besteak beste, baina bilatutako kontzeptu estetiko bat izan zen, ez momentuan bizi izan zuena, adierazi zuenez. «Estetikatik egiara egin nuen salto, eta, hor, estetikak ez dit balio. Esango nuke egia izan behar duela kantatzen dudanak». Agerian utzi zituen diskoarekiko dituen errezeloak, nahiz eta berarekin «adiskidetzen» ari dela aitortu: «Orain ere ezin dut diskoa entzun, baina, orain, berdin dit besteek entzun dezaten. Lehen, ez».
Egiatik estetikara egin zuen bidaia, ordea, hurrengo lanean: Zebra (Metak, 2005). Albumeko lehen esalditik egin ere: «Erori banaiz ere, gorantz erori naiz». Behin betiko bertsioa entzun zuenean, «bertigoa» sentitu zuela adierazi zuen Anarik. Horrez gain, hedabideek haren hitzetan izandako eragina ere aipatu zuen Astizek: «Hitzen langintzan ere izan duzu bilakaera. Porotsuagoa da: egunkariak ohikoak diren esaldiak sartu dituzu zure diskoetan». Eta horren adibidea jarri zuen idazleak: «Entregatu nizkizun armak, eta zuloak non nituen aitortu», Zure aurrekari penalak diskoko (Bidehuts, 2015) Armagabetzea kantatik hartua. «Esaldiak beste dimentsio bat du zure abestian», iruditu zitzaion. Beste horrenbeste gertatzen da barne produktu gordina eta intimitate soziala kontzeptuekin, Anarik erantsi zuenez.
Prozesua: ihesa
Lehen diskoetako hainbat ertz eta bilakaera aletu ondoren, sorkuntza prozesuaren inguruan galdetu zion Astizek. Disko berria ateratzean, entzuleak aurrekoa duela buruan azaldu zuen Anarik; berak, ordea, aurreko diskoa atzean utzita ekiten dio hurrengoari: «Diskotik diskorako bidea ihesa da niretzat». Ihes hori nola gauzatzen duen zehaztu zuen musikariak: «Asko irakurri, entzun eta ikusten dut. Ganbara bete, bertsolariek esaten duten bezala, eta momentu batean esaten dut: zer egingo dut honekin? Asko kostatzen zait bide bat aukeratzea».
Ezagutzak pilatu ondoren, baztertu egiten da konposizioak egiteko. «Sortzeko prozesua paradoxikoa da: busti eta isolatu egiten zara», Astizek nabarmendu zuenez. Hainbeste irakurri eta entzun ondoren, ezer ez irakurtzeak eta ezer ez entzuteak arriskuak ere ekar ditzake, ordea. «Zure aurrekari penalak idazten ari nintzela panikoa nuen ea ez ote zuen nik atera baino lehen beste batek hori bera aterako», kontatu zuen Anarik.
Esku artean zer daukan itaundu zion Astizek bukaera aldera, eta «ihesi» dabilela iragarri zion musikariak. «Baina ez dakit nora». Oso urrutira ez dela joango iruditzen zaio, ordea. «Bideek limite bat daukate. Momentu honetan berritzea ez da kezka bat. Bizitzak galdera gehiago bidaltzen dizkit lehenalditik etorkizunetik baino». Lehenaldiko laginetako batzuk berreskuratuta biribildu zuen ekitaldia: gertu utzitako gitarra hartu, eta hitzaldian aipatutako abestietako batzuk interpretatu zituen.