Eusko Jaurlaritzak Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra zenaren familiari eman dio haren desagerpenari buruz duen dokumentazio osoarekin ondutako txostena. Helburua da ikerketa eragingarri bat sustatzea, eta auziari buruz inork informaziorik balu, modu anonimoan izanda ere, informazioa jasotzea, ikerketan laguntzeko. Argitzeko «akuilu» izan nahi luke. Txosten hori EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak osatu du. Nazioarteko Giza Eskubideen Bortxaketa Larrien Kasuen eta Egia Jakiteko Eskubidearen Egunaren harira egin dute ekitaldi hau, Donostian. Agerraldian izan dira Monika Hernando Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria; Bertha Gaztelumendi dokumentuaren egileetako bat; eta Jon Mirena Landa txostenaren zuzendaria. Eneko Etxeberria Alvarezek jaso du dokumentu hori, Naparraren anaiak, sendiaren izenean.
Etxeberriak eskerrak eman dizkio Jaurlaritzari eta EHUko katedrari, elkarlanean ondutako dokumentazioarengatik. «Egia Jakiteko Eskubidearen Egunean horixe jakin nahi dugu, egia». Baina iruditzen zaio borondate politikoa falta dela egia bilatzeko. «Giza eskubideen nazioarteko itunak sinatzen dituzte, baina zertarako?», esan du. Uste du gakoetako bat 1978ko sekretu ofizialen legea indargabetzea dela, «gure kasua bakarrik ez, beste asko ere argitzeko daudelako», baina ez dute borondate politikorik ikusten hori egiteko; «gobernuak igarotzen dira, baina hor atzean estatua dago, eta hortik ezin da igaro».
Jaurlaritzak Naparra auziari buruzko dokumentazioa eman dio sendiari. Helburua da ikerketa eragingarri bat sustatzea. 41 urte daramatza desagertuta, eta badaude pistak Mont de Marsanen bigarren araketa baterako @berriapic.twitter.com/uP9vsLAeBG
— gurutze izagirre (@gurutzeizagirre) March 24, 2021
Naparra ETAko kidea izan zen lehenik, eta Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea gero, eta 1978an ihes egin zuen Iparraldera. 1980an desagertu zen. Bertha Gaztelumendi txostenaren egileak eman ditu xehetasunak. Dokumentua osatu dute argitaratutako informazio guztia bilduta eta txosten judizialetan oinarrituta. Esan du, ikerketaren arabera, 1980ko ekainaren 11n «hitzordu tranpa» bat jarri ziotela, eta harrez geroztik ez dela Naparraren berririk. 1976an Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur desagertu zen modu berean desagertu zen Naparra, Gaztelumendik zehaztu duenez.
Egiletzari buruzko datu nahasiak daude. Bi bertsio zeuden: Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zuen, baina, bestetik, beste ikerketa lerro bat ireki zuten «erakunde barruko kontu garbitze baten bertsioa onesten zuena». 1980an Baionako auzitegian irekitako diligentziak «oso eskasak» izan zirela esan du Gaztelumendik. Ikerketa lerroa indartu zuten erakunde barruko kontu garbitzearen bueltan, atzean estatu terrorismoa egon zitekeela erakusten zuten zantzuak baztertuta. Urte eta erdiko ikerketaren ostean, artxibatu egin zuten auzia, eta fiskalak ondorioztatu zuen erakunde barruko kontu garbiketa bat izan zela. Baina, denboraren poderioz, hipotesi hori ahulduz joan da.
Sendiak Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpurik gabe segitzen zuen, eta ahalegin etengabean jarraitu zuen, peskizen bila, auzia berriz ireki zedin lortzeko.
Pako Etxeberriak egindako peritu txosten batekin eta Iñigo Irunen aholkularitzarekin lortu zuten auzia berriz irekitzea 1999an. Agertu ziren zenbait informazio lotzen zituenak Batallon Vasco Español eta Espainiako zerbitzu sekretuak. Iruinek eskatu zuen garai haietan zerbitzu sekretuen eta polizien arduretan zeuden zenbait pertsonak deklara zezaten, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuen inor deklaratzera deitu, eta artxibatu egin zuten auzia.
2006an lortu zuten berriz ere irekitzea. CESID Espainiako zerbitzu sekretuetako kide ohi baten deklarazioetan oinarrituta. Informazio horren arabera, gorpua non egon daitekeen pistak ematen ditu. Bi toki zehaztu zituzten. A eta B eremua. A eremuan egon zitekeen zantzu argiagoak daudela uste du sendiak, baina 2006an Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Frantziari eskatu zion B eremuan arakatzeko. Sei-zazpi hilabetean lortu ziren baimenak, arakatu zuten, baina ez zen gorpurik agertu. Orduan, sendiak eskatu zuen A eremuan arakatzeko. HIru urte igaro dira eskaera hartatik, eta baimenaren zain daude oraindik.
Jon Mirena Landa EHUko katedrako zuzendariak eman ditu dokumentazioari buruzko argibide juridikoak. Txostenaren helburua da ikerketa eragingarri bat eskatzea. Ikertu dute noraino egin duen lana estatuak auzi hau argitzeko, eta ondorioztatu dute Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidetik begiratuta ez dela izan eragingarria, eta, beraz, injustizia bat dagoela atzean. «Diligentzia guztiak egin ziren gaizki, eta gutxi izan ziren gainera». Dagoen dokumentazio guztia xehetasunez arakatu dute. 1980an eta Baionan hasi zen ikerketa, eta ez zen aintzat hartu estatu terrorismoa zegoenik horren atzean. Ez ziren aztarnak behar bezala ikertu, txostenaren arduradunaren esanetan. «Justiziak egia bilatu beharrean, oztopatzailea izan zen; ez zuten polizia deklaratzera deitu nahi», esan du Landak.
Horrenbestez, txostengileek eskatu dute ikerketa eragingarri bat egiteko, proaktiboa izango dena, auzia argitu nahi izango duena; ikerketa orohartzailea, ez partziala; eta, gorpua oraindik ere desagertuta dagoenez, ikerketarekin segitzeko eskatzen dute. Auzia irekita dagoela gogorarazi dute.
Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Aniztasuneko zuzendariak kokatu du dokumentu hau Jaurlaritza egiten ari den ikerketa monografikoen barruan. Esan du «egiarako eskubiderako» ekarpena egin nahi duela, «gertatu zena injustua izan zen eta ez du berriz gertatu behar». Memoria kritiko eta partekatua eraikitzea dute helburu.