Tortura

1961etik torturen ondorioz hildakoak gogora ekarri dituzte bideo batean

Egiari Zor fundazioak argitaratu du bideoa, Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna kari.

gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 24a
10:08
Entzun

Egiari Zor fundazioak bideo bat zabaldu du sare sozialetan, Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna dela eta, 1961etik torturaren ondorioz hil diren herritarrak gogoratzeko. Bideoan esaten denez, tortura «frankismoak utzitako herentzia zitala» da, eta «kolore guztietako gobernuekin sistematikoki» erabili dute «frankismoan, trantsizioan eta demokrazian».

Torturak osturiko bizitzak da bideoaren izenburua, eta, hor, torturaren ondorioz hildako hamalau biktimaren kasuak azaltzen dituzte torturak pairatutako beste horrenbeste herritarrek. Horietatik zortzi frankismoaren garai hartakoak dira: Maria Mercedes Antxeta Venezuelako herritarra, 1962an Meliton Manzanasek eragindako torturen ondorioz hila; Vicente Lertxundi anarkista donostiarra, 1962an hila; Manuel Thomas Gomes portugaldarra, 1970ean muga igarotzen saiatzen ari zenean atxilotu eta torturatua; Javier Escalada nafarra, 1970ean ikasleen manifestazio batean atxilotua; Antonio Goñi Igoa, 1970ean Burgosko auziaren kontrako mobilizazioetan atxilotu eta torturatua, handik gutxira bere buruaz beste egin zuena; Juan Jose Munduate, 1971n hila; eta Alfredo Valcarcel, 1975ean hila urte batzuk lehenago jasandako torturen ondorioak ezin gaindituta.

Gainerako kasuak trantsizioaren osteko garaikoak dira: Joxe Arregi (1981), Esteban Muruetagoiena (1982), Mikel Zabalza (1985), Juan Calvo Azabal (Ertzaintzak atxilotu ondoren 1993an Arkautin hila), Gurutzen Iantzi (1993) eta Xabier Kalparsoro, 1993an hila, ustez Indautxuko (Bilbo) polizia etxeko leiho batetik amildu ostean.

«Tortura giza eskubideen urraketa larria da», azaldu du Egiari Zor fundazioak bideoan, «eta, beraz, torturaren biktimek eta torturapean bizia galdu dutenek leku nabarmena behar dute izan memoriaren liburuan. Biktima guztiek, diskriminaziorik gabe, egia, aitortza, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermeak merezi dituzte».

Ekitaldia Donostian

Bideoa zabaltzeaz gain, ekitaldia egin du Egiari Zor fundazioak Donostian, Antigua auzoan, torturak hildako hamalau biktimari omenaldia egin eta Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna gogoratzeko. Lore eskaintza egin dute, eta fundazioko kide batek hitza hartu du: «Harrituta gaude ikusita oraindik nola ordezkari politiko eta instituzionalek aitzakiak bilatzen dituzten botere publikoek torturatu eta hiltzeko erabakiaren ondoriozko erantzukizun politikoak beren gain hartu ez ditzaten», esan du..«Indarkeria oro arbuiatzeko jarrera sinesgarria izan dadin, neurgailu bera erabili behar da guztientzat: urraketa bera jasan duten pertsonentzat, eskubide berberak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.