Nafarroako Gobernuak gogo txarrez hartu du Caparrosoko behi etxalde erraldoiari handitzeko baimena eman behar izatea, baina Izaskun Gomez Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak ziurtatu du neurriak hartuko dituela halakorik berriro gerta ez dadin. Agindu du Abereen Osasunerako legea aldatuko dutela, etxaldeen neurriari gehieneko kopuru bat emateko.
Berez, Nafarroan bazegoen halako arau bat, 2019ko martxoan Uxue Barkosen gobernuak onartutakoa, baina foru dekretu izaera baizik ez zuen, eta ezerezean utzi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, ebatzi baitu gobernuak ez zuela eskumenik Valle de Odieta kooperatibari Caparrosoko etxaldea handitzeko baimena ukatzeko. «Enpresa askatasuna» argudiatu zuten epaileek.
Horrenbestez, Caparrosoko etxaldeak 7.200 behi eta txekor izateko baimena izango du. Gaur egun 3.500 abelbururentzat du baimena, baina, Greenpeacek salatu duenez, ia 5.000 abere daude hor. Erakunde ekologistak protesta egin zuen astelehenean bertan Caparroson: Uraren Nazioarteko Eguna zenez, etxalde horretatik putzu batera filtratutako tona bat ur zikin itzuli zituen etxaldeko baltsara. Horrela, salatu nahi zuen Valle de Odietaren esplotazioak inguruko urak eta lurrak kutsatzen dituela. Otsailean ere izan ziren Greenpeacekoak Caparroson, etxaldeak ingurumenari egiten dion kaltea salatzeko.
UPNren garaian, gobernuak 1,8 milioi euroren dirulaguntza eman zion Valle de Odietari, Caparrosoko etxaldea eraikitzeko.
Hemeretzi isun prozedura
Gomezek baieztatu egin du gaur Valle de Odietak hemeretzi isun prozedura zabalik dituela legez kanpoko isurketengatik eta animaliak baimenik gabe mugitzeagatik. «Ikertzen eta zigortzen jarraituko dugu», iragarri du kontseilariak, eta ziurtatu du borondate politikoa dutela etxalde handiak mugatzeko. Ez du azaldu noiz egingo duten, ordea. «Denbora ez da garrantzitsuena, baizik eta lege aldetik bermeak lortzea. Arlo zaila da, eta ongi egin behar dugu, ez dadin berriro gertatu foru dekretuarekin gertatu dena».