Iheslariak

«Denborarekin, deportazioa neurri absurdo bilakatu zen»

Susana Panisello historialariak Los deportados de ETA. Los olvidados del conflicto (ETAren deportatuak. Gatazkako ahaztuak) liburua plazaratu du, Txertoa argitaletxearen eskutik.

Endika Iztueta deportatuaren hileta. Cabo Verden hil zen 2008ko urtarrilean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 23a
14:29
Entzun

Susana Panisellok euskal deportatuen inguruan egin zuen bere doktore tesia, eta orain horren egokitzapena plazaratu du, Txertoa argitaletxearen eskutik, neurri hura lehenengo aldiz indarrean jarri zutenetik 35 urte bete diren honetan. PSOE Espainiako gobernura iritsi ostean hasi zen deportazioa, 1984an, Espainiaren eta Frantziaren arteko harremanak gaiztotu samar zeudenean. Geroago, harreman horiek hobera egin zuten, eta Frantziak euskal iheslariak kanporatzeari eta Espainiaren esku uzteari ekin zion; horrek etena ekarri zuen, eta deportazioa neurri gisa erabiltzeari utzi zioten, baina haren ondorioek «gaur arte» iraun dute, Paniselloren esanetan.

Historialariak azaldu duenez, deportazioak bazuen lege oinarria Frantziako legerian, horretarako araua "bihurritu" beharra izan bazuten ere. Denborarekin, baina, deportazioa «neurri absurdo» bilakatu zen, deportatuak «legezko linbo batean» atxikitzen zituelako haien kontrako epairik egon gabe, eta hura denboran izugarri luzatu zelako, «bizi guztiko zigor» bilakatu arte.

Liburuaren atal batean, Panisellok aztertu ditu deportazioaren aferan Espainiari laguntzeak beste zenbait herrialderi, bereziki Frantziari eta deportatuak hartu zituzten Afrikako eta Ameriketako herrialdeei, elkarri zizkien onura ekonomikoak. «Deportazioak ordaina izan zuen», azaldu du: «Frantziaren kasuan, Espainiak sinatutako proiektu militarren eta AHT abiadura handiko trenaren kontratuen bidez, eta gainerako herrialdeen kasuan, garapenerako laguntzen bitartez».

Orotara, zenbait erakunde armatutako 70 bat kide deportatu zituzten. Haien egoera asko aldatu zen herrialde batetik bestera. Hamar deportatu etxera itzuli aurretik hil dira, eta oraindik badaude deportazioaren ondorioz atzerriratutako zortzi iheslari: hiru  Kuban, lau Cabo Verden eta bat Venezuelan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.