Ikastolen Elkarteak gaur goizean jakinarazi duenez, Gipuzkoako ikastolen aldeko aurtengo Kilometroak jaia Goierrin egingo dute, Beasain, Lazkao eta Ordizia artean, urriaren 3an. Batera, bagara, bat gara izango da aurtengo edizioaren leloa, eta Ordiziako Jakintza, Beasaingo Andramendi eta Lazkaoko San Benito ikastolak izango dira antolatzaileak.
Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, ez dira «ospakizun erraldoietarako garaiak», eta, beraz, «egoeraren araberako» Kilometroak antolatuko dituzte: «Aurtengo Kilometroak antolatzeko garaian garbi izan dugu Gipuzkoako Ikastola guztien ekarpena, parte hartzea eta babesa ezinbestekoa izango dela. Egoera berezi honi aurre egiteko modu bakarra dela iruditzen baitzaigu».
Nolabait, sorburura itzuliko da Kilometroak. Izan ere, lehen edizioa Beasainen eta Lazkaon egin zuten, 1977an, eta 45. jaia izango da aurtengoa.
Kilometroak festaren aro berriko lehen ekitaldia izan behar zuen iazkoak. Ezberdina izan behar zuen ekitaldiak, eta COVID-19aren izurriak baldintzatuta, astebeteko egitaraua egin zuten Villabona-Amasan eta Zizurkilen. Pandemiari aurre egiteko neurriak direla eta, ikastolen aldeko gainerako jaiak bertan behera utzi zituzten iaz, baina, horien partez, Ikastolak herriari izeneko ekitaldia egin zuten azaroaren 13an, Donostiako Kursaal jauregian.
«Kilometroen eredu berriak egoera honekin topo egin du, eta ezin izan dugu guk nahiko genukeen modu eta erritmoan garatu, baina eredu berri honetarako azpimarratu izan ditugun premisak baliagarri izan zaizkigu egoera honetara egokitzeko», azaldu du Artolak: «Izan ere, jaiaren tamaina egokitu, parte hartzea sustatu eta Gipuzkoako Ikastolen konpromisoa lantzeko aukera eman digu egoerak».
Eredu horren aldaketaz eta, ezinbestean, izurriak ezarritako baldintzez mintzatu da Artola: «Historikoki Ikastolen jaiak plaza erraldoiak izan dira euskarari eta euskal kulturari eskaintzeko. Aurtengoa desberdina izango da. Euskarari eta euskal kulturari tokia emango diegu, noski, baina baita gure arteko elkarlanari eta parte hartzeari ere». Horretarako, zenbait ekinbide nazional jarri dituzte abian: Euskal Herriko ikastoletan barrena dabilen «Liburu Ibiltaria» eta 14-16 urte bitarteko gazteentzako komiki lehiaketa.
Artolaren esanetan, aurtengoa ez da «ikasturte erraza» hezkuntza arloan, baina agindu du dauzkaten baliabide guztiak jarri dituztela «ahalik eta modurik egokienean» aurtengoari aurre egiteko: «Elkar zaintzeko urtea da, elkarrekin egotekoa, elkarri babesa eman eta denok batera norabide berean eustekoa».
Batasuna ikur
Leloari buruzko azalpenak ere eman ditu Artolak: «Batera, Gipuzkoako ikastolek elkarrekin antolatua izango delako. Ikastolen batasuna adierazten du, eta ez soilik Gipuzkoakoena, baizik eta baita Euskal Herri osokoena ere. Bagara, «izatearen aldarrikapena» da, eta «batasunaren ezinbestekotasuna» ere adierazten du: «Batera, bagara; bestela, ez gara». Azkenik, bat gara: «Gure izatearen osotasuna eta zatiezintasuna adierazten du. Herri bat gara, euskara gara, komunitate bat gara, Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat gara».