Azken egunetako joerari jarraiki dio atzemandako kutsatu kopuruak Hego Euskal Herrian. PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 7.306 proba egin zituzten atzo COVID-19a detektatzeko, eta 395 kasu zenbatu dituzte horietan. Hala, egun bakarrean emandako proben %5,4k eman dute positibo. Berriz ere, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean edukitzeko ezarritako mugaz gaindiko ehunekoa; hau da, %5etik gorakoa.
Lurraldez lurralde, Bizkaian zenbatu dute kasu positibo gehien: 166 izan dira. Gipuzkoan, berriz, 104 atzeman dituzte; Nafarroan, 66; eta Araban, aldiz, 58.
Bestalde, ospitaleen egoerari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak 31 pertsona erietxeratu zituzten atzo gaitzarengatik. Horiek aintzat harturik, oraintxe bertan guztira 395 lagun daude ospitaleetan; azken asteko daturik makurrena da hori. Zehazki, ospitaleratuetako 286 gela arruntetan daude, eta 109 daude ZIUetan.