EHNE eta ENBA nekazari sindikatuek «mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioa kontrolatzearen» aldeko mozioa aurkeztu dute Gipuzkoako udaletxe guztietan. Salatu dutenez, abeltzaintzaren aurkako ekinbideak ugaritzen ari dira otsoa babesteko aitzakian.
Hain zuzen, otsoa lurralde guztian babes bereziko espezieen zerrendan sartzea proposatu zuen Espainiako Natur Ondarearen eta Bioaniztasunaren Batzordeak, otsailaren 4an. Berez, hala zen Duero ibaiaren Espainiako zatiaren hegoaldeko lurraldeetan, baina ez iparraldekoetan, Hego Euskal Herria barne. Proposamenak zer eragin izango luke? Ba, otsoa ez litzatekeela ehiza espeziea izango eta ezingo litzatekeela hil kontrol neurri gisa; hau da, zenbait eskualdetako otso kopurua gutxitzeko edo erasoak saihesteko. Euskal Herrian ez dago otso talde egonkorrik. Euskal Herrira sartzen direnak, Arabara eta Bizkaira, sartzen dira, Espainia aldetik: bai Errioxatik, bai Burgostik.
Espainiako Natur Ondarearen eta Bioaniztasunaren Batzordean parte hartzen dute bai Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, bai autonomia erkidegoek. Ministerioaren botoa erabakigarria izan zen otsoa zerrendan sartzeko. Eusko Jaurlaritzak proposamenaren kontra bozkatu zuen, iaz otsoa mehatxatutako espezieen zerrendan sartu bazuen ere; Nafarroako Gobernua abstenitu egin zen. Erabakiak haserretu egin ditu otso gehien dituzten lurraldeak eta proposamenaren kontra bozkatu zutenak.
EHNEk eta ENBAk salatu dute otsoa babes bereziko erregimenean dauden espezieen zerrendan sartzea erabaki zutela «nahiz eta otsoaren populazioaren %95 baino gehiago ordezkatzen duten lurraldeak aurka bozkatu zuten». Horiek dira Asturias, Galizia, Gaztela Leon eta Kantabria.
Sindikatuen arabera, erabakia behin betiko hartuko balitz, Euskadiko abeltzaintza estentsiboak «ondorio larriak» pairatuko lituzke. «Otsoen populazioa handituko litzateke mugakide diren erkidegoetan, eta, horrenbestez, Euskadin otsoak sartu eta egonkortzeko arriskua gehituko litzateke». Kezkatuta agertu dira: «Abeltzainok beldurtuta gaude otsoaren zabalkundeak orain arte egin dugun erabilera estentsiboaren amaiera ekar dezakeelako».
Adierazi dute udal denen babesa lortu nahi dutela, eta ezinbestekotzat jo dute alderdi politiko guztiek bat egitea. «Otsoa ez dago arriskuan, baina mendiko abeltzaintza bai».