Athletic 1-Eibar 1

Inflexio puntua izan daiteke

Athleticek eta Eibarrek bana berdindu dute. Oso neurketa parekatua izan da, baina talde gipuzkoarrak sentsazio onak utzi ditu. Bi taldeek egoera berdinean jarraitzen dute sailkapenean.

jarraia195226.jpg
inigo lasa fresneda
2021eko martxoaren 20a
16:56
Entzun

Jarraitu beharreko bidea zein den jakitea batzuetan asko kostatzen da. Athletic bide egokia aurkitu ezinik ibili zen orain dela hiru hilabetera arte. Urtarrilean lortutako Espainiako Superkopako garaikurrak guztiz aldatu zuen bilbotarren dinamika. Eibar, aldiz, galduta ibili da azken jardunaldietan, eta gaur San Mamesen ikusitakoa positiboa izan daiteke gipuzkoarrentzat. 1-1 amaitu da derbia, armaginak jaitsiera postuetan jarraitzen dute, baina sentsazio onak utzi dituzte. Zuri-gorriei, baina, ez die aho zapore ona utzi neurketak.

Taldean zituen bajek behartuta, joko sistema aldatu behar izan du Jose Luis Mendilibarrek. Talde armaginean ohikoa den 4-4-2a alde batera utzi, eta 4-2-3-1 eskemarekin zelairatu dira eibartarrak, Kike Garcia aurreko aldean bakarrik utziz. Espainiako Kopako finala bi aste eskasera baldin badago ere, Marcelinok argi utzi du garrantzia handia ematen ziola gipuzkoarren aurkako derbiari, eta Sevillan atera dezakeen hamaikako oso antzeko bat berdeguneratu du. Egoera guztiz ezberdinetan, baina hiru puntuen bila atera dira biak ala biak.

Eibarren egoera kaxkarra baliatu nahian, hasiera-hasieratik partidaren gidaritza hartzen saiatu da etxeko taldea. Ez du hori egitea lortu, baina gauza are garrantzitsuago bat lortu bai: lehen hamar minutuetan markagailuan aurrea hartzea. Alboko sake baten ostean, De Marcosen erdiraketa Yurik, boleaz, bikain erramatatu du, eta Dmitrovicen atea zulatu. Kolpe latza bisitarientzat.

Horrelako momentuetan egin daitekeen gauzarik onena egin du Eibarrek: ahalik eta azkarren berdindu. Unai Lopezi bere areatik gertu lapurtu dio baloia Kike Garciak, eta ez du hutsik egin Unai Simonen aurrean: 1-1.

Azken jardunaldietan ez bezala, erritmo biziko lehen zatia ikusi da San Mamesen. Markagailuan aurretik jartzeak ematen duen nagusitasunaren bila, erasora jo dute bi taldeek. Estreinako 45 minutuak oso irekiak izan dira; bai Athleticek, baita Eibarrek gol aukerak izan dituzte, garbiak ez, baina aurkariaren ate ingurura behin baino gehiagotan iristea lortu dute. Oso parekatuta iritsi da neurketa atsedenaldira, baina zelaian ikusitakoa seguru Mendilibarrek nahi zuen partidaren antz handiagoa izan duela. Zuri-gorrien teknikaria, aldiz, ez da partida eroen zalea, eta norgehiagoka kontrolpean izatea nahiago du.

Zelai erdia bereganatu, eta partida bere planteamendura hurbildu asmoz, bi euskarriak aldatu ditu Marcelinok bigarren zatirako. Unai Vencedor eta Dani Garcia zelairatu ditu Unai Lopezen eta Mikel Vesgaren ordez. Ez da lehen aldia hori egiten duena, Kopan Levanteren aurkako partidan ere gauza berbera egin zuelako.

Vencedor soropilean egotea gehien eskertu duena Iker Muniain izan da. Erdilari bilbotarrak erraztasuna du aurkarien lerroak pase batekin puskatzeko; hori kapitain zuri-gorriak baliatu du, eta bigarren zati hasieran behin baino gehiagotan jaso du baloia Diop eta Sergio Alvarezen bizkarrean, armaginei arazoak sorraraziz. Gutxi iraun dio, baina, argitasun horrek Muniaini, minutuak pasa ahala itzaltzera egin baitu.

Eibar defentsan sendo ibili da, ondo eutsi zuten Iñaki Williams, eta ez diote korrika egiten utzi. Aurreko partidetan baino akats gutxiago egin ditu Mendilibarren taldeak atzeko alde horretan, eta hori defentsan ez ezik, erasoan ere nabaritu da. Armaginak ohi baino solteago ibili dira zelaian, eta inongo momentuan ez diote utzi etxeko taldeari berdegunean eroso egoten. Baloiarekin, baina, bigarren zatian ez da estreinakoan bezain fin ibili, eta ezin izan ditu hiru puntuak poltsikoratu. Halere, sentsazio onak utzi dituzte Mendilibarrenak, ez hain onak Marcelinorenak.

Drona zelaira, "Eurocopa honi ez" mezuarekin

Partidaren bigarren zatian dron bat erori da San Mameseko berdegunera. Dronak “Bilbo 2020 Eurocopa honi ez” mezua zeraman zintzilikaturik. Pizarro Gomez epaileak partida gelditu behar izan du pankartadun drona zelaitik ateratzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.