Haur motxiladunak

Kartzeletako «alderik gogorrena eta konplexuena» islatu dute Bilbon

Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak eta Sarek gogoratu dute 22 urtetan ez dela 'haur motxiladunen' egoera aldatu. Sindikatu guztien eta alderdi politiko batzuen ordezkariak egon dira ekitaldian

amaia igartua aristondo
2021eko martxoaren 20a
14:40
Entzun

Bi helbururekin batu dituzte Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak eta Sarek eragile politiko zenbait eta sindikatu guztietako ordezkariak gaur goizean, Joseba Azkarraga politikari ohiak azaldu duenez: haiei eskerrak emateko, batetik, eta kartzelen «alderik gogorrena eta konplexuena» islatzeko, bestetik. Izan ere, haur motxiladun-en istorioetatik abiatuta egin nahi izan ditu ohiko aldarrikapenak plataformak Bilboko Euskalduna jauregian antolatutako ekitaldian. Eztizen Artola kidea arduratu da Iratik jaio zenetik bizi izan duen egoera aletzen, eta Porrotxi egokitu zaio denboran atzera egitea eta Ondizen historia gogoraraztea: duela 22 urte jaio zen Ondiz haur motxiladuna, eta, orduan ere, hainbat ekimenetan aritu zen pailazoa haurra Euskal Herrira itzul zedin gurasoekin batera: «22 urte ondoren hemen jarraitzen dugu, gauza bera eskatzen». Bestalde, Liher Aretxabaleta presoaren alaba Leak ere bere egoera kontatu du bere amak, Rebeka Larak, lagunduta.

Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataforma abian jarri zenetik egin dituzten aldarrikapenak mahai gainean jartzeko aprobetxatu dute goizeko ekitaldia. Artolak aletu ditu jomuga horiek: «Lehenengo, euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzatela, umeek ez dezaten errepideak dituen arriskuak euren gain hartu behar izan. Bigarrenik, eskatzen dugu familientzako moduluak eraiki ditzatela Euskal Herriko espetxeetan elkarrekin bizitzeko eskubidea errespetatua izan dadin. Eta, hirugarrenik, presoen gradu progresioa martxan jartzea nahi dugu, umeak kartzelatik irtetean gurasoek baimenak lor ditzaten, elkarrekin bizi ahal izateko».

Funtsean, «humanitatea eta eskubideak» galdegiteko antolatu dute ekitaldia, Azkarragak laburbildu duenez. Politikari ohiaren ustez, egungo espetxe politikak ez ditu ez bata ez bestea bermatzen, eta, ondorioz, beste 87 haur daude egun Iratiren egoera berdintsuan, Sareren arabera. «Euskal Herri osoan ez dago haur txikiak dituzten gurasoentzako modulurik», esan du Azkarragak. Artolak xehatu du Iratiren egoera zehatza zein den, soinujole batekin aldamenean. «Ama erditu zenean, aitari ez zioten bertan egoten utzi. Madrilgo ospitale batean erditu zen Bea, eta zortzi guardia zibil izan zituen atean. Haurra izan eta gutxira, umearengandik banatu zuten lau egunez». Martxoan jaio zen Irati, eta apirilean ikusi ahal izan zuen aitak lehen aldiz. Hortik aurrera, amarekin bizi izan da Aranjuezeko kartzelan (Espainia) 2021eko martxora arte, eta tartean astean bi orduz batu ahal izan dira Bea Etxebarria, Iñaki Zapirain eta Irati Zapirain Etxebarria, Artolak azaldu duenez.

2020ko martxoan, Euskal Herrira ekarri zuten Irati, «konfiantzazko mediku batek begia eta besoa tratatzeko», Artolaren hitzetan. «COVID-19ak harrapatu, eta ekainera arte ezin izan zuen Aranjuezera bueltatu. Itzultzean, hamar egunez egon ziren Irati eta bere ama zortzi metro karratuko ziegan sartuta, egunean 24 orduz». Pasa den astean jakin zenez, Iratiren gurasoak El Duesoko kartzelara (Kantabria, Espainia) lekualdatzeko erabakia hartu dute agintariek, eta, aita bertara «helduta edo heltzear» dagoen arren, ama oraindik ez da Aranjuezetik irten, Azkarragak jakinarazi duenez. «Bea El Duesora eramaten duten arte, Iratik 882 kilometro egin beharko ditu, guztira, ama bisitatzeko».

Erabakia txalotu duen arren, «salbuespenezko erregimena indarrean» dagoela salatu du politikari ohiak. «Lasaitua da, baina ez da sakabanatze politikaren bukaera. Nabarmendu behar da zein modutan betetzen den askatasun gabetzea». Bestalde, Irati Gurasoekin Euskal Herrirako kide Julen Orbeak adierazi du «itxaropentsu» daudela Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak berriki adostutako kartzela politikaren eskumenen transferentziagatik: «Ez genuke nahi egoera bere horretan jarrai dadin Jaurlaritzak eduki arren eskumenak. Uste dugu aldaketek estrukturalak izan behar dutela». Modulu mistoez gain, nazioarteko ereduak ere aplika daitezkeela uste du. «Katalunian zaintzapeko pisuak daude familientzat, kartzeletatik kanpo. Eskumenen transferentzia aukera izan daiteke euskal kartzela eredua sortzeko, humanoagoa eta demokratikoagoa izango dena, ez orain dagoena bezalakoa».

22 urte ekiten

2021eko martxoaren 8an, 3 urte bete zituenean, Aranjuezeko kartzelatik atera zuten Irati; Bilbon bizi da orain, aitona-amonekin, gurasoengandik urrun, Espainiako legeak ezartzen baitu presoen haurrek espetxea utzi behar dutela adin horretara heltzean. Iratiren egoera izan dute hizpide azken egunetan, Ondizena izan zuten bezala duela pare bat hamarkada. Ondizen ama Martuteneko (Donostia) espetxean zegoen atxilo, baina, modulu mistoaren faltan, Palentziara (Espainia) joan behar izan zen umea edukitzeko eta harekin bizitzeko. Haurra euskal herriratzeko hainbat ekimenetan hartu zuen parte Porrotxek: besteak beste, Olentzerorekin batera eskatu zuen Ondiz bueltatu zedin, Jaurlaritzara jo zuen hori bera galdegitera —bertakoek adierazi zioten eskumenik gabe ezin zezaketela ezer egin— eta are Martuteneko kartzelara hurbildu zen modulua bere eskuekin eraikitzeko.

Pailazoaren eta beste hainbat eragileren esfortzuak ez zuen fruiturik eman orduko hartan, eta, 22 urte ondoren, egoera berari amaiera emateko lanetan jarraitzen du Porrotxek. «Ez dugu nahi beste 22 urte barru hemen biltzea». Euskaldunako ekitaldia bukatu ondoren, Bilboko Kasilda parkera abiatu dira pailazoa eta Txapas soinujolea, han baitzen egitekoa elkarretaratzea. Hara hurbildutako haur eta heldu andana baten aurrean aritu dira berriro, eta, ikuskizuna bukatu dutenean, Itziar Gamero ipuin kontalariak hartu die lekukoa, Igor Zuluetaren kutxa doinuek lagunduta. Mari Txipiren istorioa kontatu die Gamerok umeei: irudimenari esker, kartzelan dagoen amarengandik gertuago sentitzen da protagonista.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.