Euskal Elkargoaren batzarra

Aramendi: "Euskara nire ama hizkuntza da, eta nire hizkuntzan ere egiten segituko dut"

119 hautetsirekin hasi da Euskal Hirigune Elkargoaren batzarra.

Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko martxoaren 20a
10:53
Entzun

Espero bezala, eztabaida iturri izaten ari da Euskal Elkargoaren gaurko batzarra. Otsailaren 28an egitekoa zen berez, baina, osasun egoeragatik, gibelatzea erabaki zuen Jean Rene Etxegarai lehendakariak, osasun dispositiboa indartzeko neurri berriak aurkitu artean. Gaurko jarri zuten hitzordua, baina, azkenean, hautetsien erdiekin bakarrik. 119 elkartu dira azkenean, distantziak gordez.

Edonola ere, bat baino gehiago izan dira batzarrean bertan neurri hori zalantzan jarri dutenak. Sandrine Derville Angeluko hautetsiak salatu du hautetsien erdiekin egiteak zailtasunetan ematen duela "demokrazia". Dudak ditu erabakia zinez egoera sanitarioagatik hartu ote den. Egoitz Urrutikoetxea EH Bai-ko ko kideak ere zalantzan eman du gaur hautetsien erdiak baizik ez bildu izana.

Colette Capdevielle hautetsiak Odile Ameztoi hautetsiaren gutun bat irakurri du, hark ezin izan baitu batzarrera joan gaur, neurriengatik. Hark ere zalantzan eman du hautetsien erdiak baizik ez biltzeko erabakia. Odile Ameztoik galdera hau egin du gutunean: "Zenbat emaztek parte hartuko dute gaurko batzarrean, poloek beren ordezkariak hautatu ondoan?". Erantzuna: gutxik.

Mixel Esteban hautetsiak zalantzan eman du gaurko batzarreko egoera legezkoa ote den. Guillaume Barucqek ere dudak ditu ea zinez egoera sanitarioagatik hartu den neurria. Claude Olivek haserrea adierazi du, ez duelako onartzen hautetsi batzuek beren alderdiaren izenean hitz egitea. Eta galdetu du lehen hitzaldiak frantsesez egiteko, eta ez euskaraz. Filipe Aramendik erantzun dio gero.

Hasierako parte hartze horien ondoren, Etxegaraik neurria justifikatu du: adierazi du intzidentzia tasa berriz gora doala, Erresuma Batuko aldaera biziki presente dela Pirinio Atlantikoetan, eta larrialdi sanitarioak halako neurriak hartzea baimentzen duela. Azkenean, batzarra hasi eta ordubetera heldu diote gai zerrendari.

Lassalette eta Grenet gogoan

09:30ean hasi da batzarra, eta bi omenaldi eginez hasi dute. Rafael Lassalette Hendaiako auzapez ohia eta Jean Grenet Baionako auzapez ohia izan ditu gogoan Jean Rene Etxegarai lehendakariak, eta minutu bateko isilunea gorde dute gero hautetsiek.

Etxegaraik Ipar eta Hego Euskal Herriko mugako pasabideen itxieraz ere hitz egin du sarreran. Prefetari gutun ireki bat igorri dio horiek irekitzea galdegiteko. Salatu du Frantziako Estatuak lekuko hautetsiekiko "kontzertaziorik gabe" hartu duela neurri hori.

Etorkinen egoera aipatu du Etxegaraik, batzarreko gaiekin hasi aitzin. 20.000 etorkin pasatu dira Pausatik, zentroa ireki zutenetik. Hegoaldean "blokeatuak" direla dio. Arnaud Fontaine hautetsia egoeraz arduratuko da, "heldu diren etorkinak duintasunez" hartzeko. Laurence Hardouin hautetsiak gaineratu du adingabeak Frantziako Estatutik ilegalki kanporatzen dituela Frantziako Poliziak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.