Ainhoa Aznarezek zoriondu egin du Begoña Alfaro horrek Nafarroako Ahal Dugu-ren primarioak irabazi ostean, eta lana elkarrekin egiteko borondatea erakutsi du. Bultzada Morea hautagaitzako idazkaritza nagusirako hautagai zen Aznarez, eta esan du elkarrekin lan egiteko espazioak sortu behar direla orain, "proiektuari ekarpenak egiten jarraitzeko".
Martxoaren 12tik herenegun bitarte, Nafarroako Ahal Dugu-ko Herritarren Kontseilua eta hurrengo idazkari nagusia hautatzeko primarioak zituzten alderdiko militanteek. Azkenean 716 afiliatuk parte hartu dute bozketan. Alderdiak gauean kaleratutako emaitzen arabera, Alfarok aise irabazi du lehia: 455 eskuratu ditu. Ainhoa Aznarezek 126 bildu ditu eta Neniques Roldanek 113.
Hartara, Begoña Alfaro izango da hurrengo idazkari nagusia eta Eduardo Santosen lekukoa hartuko du. Begoña Alfaro Zarrakastelun jaio zen, 1982an eta hiru lehiakideen artean gazteena da. Abokatua da eta azken urteetan etxeratzeen aurkako PAH plataformako eledun izan da. Aspaldidanik gizarte mugimenduei lotua, 2015eko abenduko Espainiako bozetan Ezkerrak bultzaturiko Ahora en Comun-en zerrendatan hautagai izan zen. Hemendik aurrera Ahal Dugu-ren lema hartuko du.
Horrekin batera, alderdiaren organo gorena aukeratu dute militanteek, eta bozketa horretan ere Alfaroren taldean zeuden ordezkariak sartu dira, Ainhoa Aznarez izan ezik. Hala, lehen emaitzen arabera, kontseiluan egongo dira Alfaro bera, Ainhoa Aznarez eta bere hautagaitzeko honako izen-abizenak: Jose Maria Burgaleta, Nahia Lizaso, Imanol Cobos Velasco, Iruña Erro, Daniel Lopez, Fatima Djarra eta Xabier Castro. Alderdiak dionez emaitza gordinak dira, eta «beharrezko balitz» alderdiaren hirugarren batzarrean onartutako feminismoaren agiriak ezarritako irizpideak ezarriko lirateke parekidetasuna bermatzeko.
Kontseiluarekin batera berme batzordea ere aukeratu dute militanteek. Alderdiko estatutuen arabera, haren zeregina da alderdiaren antolamenduak bermatzea barne demokrazia, berdintasuna, justizia eta gardentasuna. Iraganean, barne krisia izan zenean egiteko garrantzitsua izan zuen. Hautatu berri den batzordean izango dira Carlos Amatriain, Ricardo Feliu, Dayana Cobos, David Fuentes eta Raquel Elizalde.
Neniques Roldanen mezua
Emaitza jakin eta gutxira, Neniques Roldanek Begoña Alfaro zoriondu du sare sozialetan: «Batzarraren erabakia babesteko eta alderdia sendotzeko garaia da. Mila esker, nire bidaideei, emakume indartsu eta eskuzabalei», idatzi du Alfaro zoriondu ostean.
Alfaroren hautagaitzak Ahal Dugu berriz hasi zuen lelo nagusi eta hiru dokumentu aurkeztu zituen: politikoa, antolamendu arlokoa eta feminismoa. Hain zuzen ere, feminismoari garrantzi berezia eman dio Alfarok.
Kanpainan nabarmen du alderdia arnasberritzea duela xede, eta horretarako «aurpegiak aldatu» behar direla deritzo. Aldarrikatzen du Ahal Dugu-k «funtsezko eragilea» izan behar duela erakundeetan eta erakundeetatik kanpo. Kaleetako pultsu hori galdu dutelakoan dago, eta hor jarri nahi du indarra. Alderdi barrura begira, «antolamendu argi eta sinplea» proposatu du, organo bakoitzaren eskumenak zehaztuz eta barne kohesioa bilatuz. Besteak beste, proposatu du erakundeetan ordezkaritza duten kideek tokia izatea Herritarren Kontseiluan.