Ortziraleroko iragarpena ortzegunera aitzinatu dute gaur Espainiako Espetxe Erakundeek, Espainiako Estatuan bihar besta eguna izanik: lau euskal preso hurbilduko dituztela iragarri dute, eta bat Euskal Herriratuko dutela. Bertze bat, berriz, Madril aldera mugituko dute. Iñaki Garces Beitia da Euskal Herriratuko dutena: Zuerako espetxean (245 kilometro) dago gaur egun, eta Basaurira ekarriko dute (Bizkaia). 1998tik dago espetxean Garces, eta 26 urteko espetxe zigorra du. 2017ko irailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Euskal Herri ingurura ekarriko dituztenak Jon Olarra Guridi, Ainhoa Mujika Goñi, Arkaitz Goikoetxea Basabe eta Mikel Izpura Garcia dira. Olarra eta Mujika EPPK-ko zuzendaritzako kideak dira, eta 2002an atxilotu zituzten Frantziako Estatuan: ordutik daude preso. Logroñora mugituko dituzte (170 kilometro), eta haiekin batera eramanen dute Arkaitz Goikoetxea Basabe ere. Olarra eta Mujika Granadan daude gaur egun (Andaluzia, Espainia, 855 kilometro) eta Goikoetxea Basabe Villenan dago (Herrialde Katalanak, 700 kilometro).
Mikel Izpura Garcia, berriz, Zuerara mugituko dute, Murtzia IItik (Espainia, 820 kilometro). Euskal Herri ingurura hurbilduko ez badute ere, Gorka Palacios Aldai euskal presoa ere mugituko dutela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek: Murtzia IItik lekualdatuko dute hura ere, Estremerara (Madril, 520 kilometro).
Olarrak eta Mujikak 30 urteko zigorrak dituzte: 2007an Espainiaratu zuten Mujika, eta 2010ean Olarra. Izpura Garcia 2000ko urtarriletik dago preso, eta 30 urteko zigorra du. 2019ko apirilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Arkaitz Goikoetxea Basabe 2008ko uztailetik dago kartzelan, eta 40 urteko zigorra du.
Zazpi hurbilketa gauzatuak
Etxerat-ek gaur jakinarazi duenez, berriz, asteon iragarpena egina zuten zazpi euskal presoren hurbilketak gauzatu dituzte Espainiako Espetxe Erakundeek: zehazki, Juankar Iglesias, Iker Lima, Iñigo Guridi, Javi Gallaga, Igor Portu, Xabier Makazaga eta Gorka Martinez Ahedo mugitu dituzte helmugako kartzeletara. 117 euskal preso hurbildu edo Euskal Herriratu dituzte guztira Espainiako Estatuan 2018ko irailetik, eta, horiekin, dagoeneko euskal presoen erdiak baino gehiago daude Euskal Herritik 300 kilometrora baino gutiagora. Bertzeak urrutiago daude.
Gaur egin dituzten iragarpenekin, bertzalde, oraindik 50 euskal preso dira hurbilketa edo Euskal Herriratzea iragarria bai baina oraindik mugitu ez dituztenak.