HERIOTZA DUINA

Eutanasiaren Legea onartu du Espainiako Kongresuak

Senatuan eginiko zuzenketak onartu ditu Kongresuak, besteak beste EAJ, EH Bildu, PSOE eta Unidas Podemosen babesarekin.

PSOEko ordezkariak Maria Luisa Carcedo legea idatzi duen diputatua txalotzen, gaur, Espainiako Kongresuan. ZIPI / EFE
jon olano
2021eko martxoaren 18a
11:10
Entzun

Espainiako Kongresuak onartu egin ditu Senatuak Eutanasiaren Legeari eginiko zuzenketak, eta, beraz, behin betiko onarpena eman dio testuari. Hiru hilabete barru argitaratuko da Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta, behin indarrean jarrita, osasun sistemaren barruan erabili ahal izango den zerbitzu bat izango da eutanasia. Testuaren arabera, eutanasia eskatu ahal izango dute «gaixotasun larri eta sendaezina» edo «pairamen larri, kroniko eta ezintasun eragile bat» dutenek, horrek haien autonomian eragiten badu, eta «sufrimendu fisiko edo psikiko iraunkor eta jasanezin bat» eragiten badie. Helburua da eutanasia eskatu eta gauzatu arteko prozesua 40 bat egunen buruan bideratzea, eragozpenik ez bada.

Abenduaren 18an eman zioten lehen onespena Kongresuan, eta Senatuaren galga ere gehiengo nabarmenarekin gainditu zuen legegaiak. Kongresuko bigarren bozketan, aldeko 202 boto izan ditu egitasmoak, 141 kontra eta bi abstentzio. PP, Vox, Foro Asturias eta UPN izan dira aurka azaldu diren talde bakarrak. Bozketa amaitzean, eta alde bozkatu duen gehiengoa txaloka zegoela, Voxekoek euren gailuetako pantailak erakutsi dituzte, mezu batekin: «Indargabetuko dugu». PPkoak, berriz, eserita eta txalorik egin gabe geratu dira.

Eskubidearen aldekoen eta aurkakoen arteko eztabaida eragin du onarpenak. Maria Luisa Carcedo PSOEko diputatua izan da legearen sustatzailea, eta hark eutanasiaren despenalizazioaren alde egin zuen Maribel Tellaetxeren semearen hitzak eraman ditu parlamentura: «Antza, gaixotasun degeneratibo bat edukitzea delitu bat da». Carcedoren hitzetan, gaur kongresuaren gehiengoak «lekukoa» hartu die eutanasia zigorgabetzeko eskatu izan duten sendiei: «Askatasuna da, letra larriz, lege honek dimentsio berri bat ematen diolako pazientearen autonomiari».

Legea babestu dutenen artean daude EAJ eta EH Bildu. Joseba Agirretxeak (EAJ) besarkada bat bidali die eutanasia legea «oso berandu» iritsi zaienei: «Gaur amaitzen dugu prozesu luze eta konplexu bat». Nabarmendu du «eskubide bat» lortu dela, eta ez «obligazio bat. Emaitza legezko eta seguru bat eman zaio egoera estu bati». Agirretxeak azaldu du ordezkari politikoek «legegintzatik enpatizatu» behar dutela: «Gure kode etiko eta moralek izan behar dute gu gidatzeko, baina kontuan hartuta beste batzuek beste kode etiko eta moral batzuk dituztela. Ez dago sufrimendurik gehitu beharrik. Espero dut inork beharrik ez izatea legeak emango duen aukera hau baliatzeko. Baina behar badu, egon dadila bermatuta ate hori». Gainera, zaintza aringarriekiko dikotomia faltsutzat jo du: «Hemen uste al du inork zaintza aringarriak ez direla beharrezkoa? Baina zuek (ezezko botoa eman dutenek) uste duzue aringarriak egoera guztietara iristen direla? Horretarako dago lege hau. Ez dago ezer okerragorik, bizi ezin denean, ezin hiltzea baino».

Iñaki Ruiz de Pinedok (EH Bildu), berriz, gogorarazi du hogei urte direla Eutanasiaren Legea aurrera ateratzeko saioak egiten, eta eutanasia eskatu zuten familiak oroitu ditu: «Sufrimendu hori pribatuan eraman dute, baina publiko egin duten testigantzei esker izan da posible kontzientziazioa, gaurko egunera ekarri gaituena». Ruiz de Pinedok argudiatu duenez, «ondo bizitzea da kontua, ondo bizitzea gure bizitzen azken momentuak. Hori da duintasuna». Orain, erronka da legea garatzea: «Hemen ez da ezer bukatzen, hasten baizik».

Rosa Maria Medelek (Unidas Podemos) eskuinaren aurka egin du: «Hain zarete intoleranteak, besteei inposatu nahi diezuela nola hil behar duten. Zuen iritzia jarri nahi duzue guztion eskubidearen gainetik». Eskubideari «ongietorria» eman dio, eta nabarmendu du helburua dela autonomia pertsonala sustatzea: «Horregatik ukatzen du eskuinak: pixka bat libreago egiten gaituelako».

Eskuina, gogor

Legearen aurka hitz egin du, ordea, Carlos Garcia Adanerok (Navarra Suma); zaintza aringarrien beharrean jarri du arreta: «Baliabideak jarri behar dira, baina askoz errazagoa da bestea; pertsona abandonatzea». «Askoz errazagoa da pertsona paretik kentzea; alegia, hiltzea», erantsi duenez: «Arazoa borondatea bada eta bakoitzak eskubidea badauka bere bizitzaz erabakitzeko, ez dakit zergatik mugatzen duten. Esan dezatela 18 urtetik aurrera bakoitzak egin dezala nahi duena bere bizitzarekin, baina ez diezaiola deitu sendagileari, bere kabuz egin dezala».

Gogorrago mintzatu da Lourdes Mendez (Vox); «baztertzearen kultura ezartzeko plana» gauzatu izana egotzi die legea onartu dutenei: «Heriotza lehenetsi duzue zaintzaren aurretik». Mendezen ustez, «agur esan zaio bizitzaren, giza eskubideen aldeko hogei mendeko kulturari. Zibilizazio baten porrota da». Erantsi du araua «ilegitimoa» dela, «etikaren eta konstituzioaren aurkako eraso bat».

Antzera jardun du Jose Ignacio Echanizek (PP) ere; legea «egin behar ez denaren paradigmatzat» jo du: «Azkar batean, pandemia betean, 65.000 erretiratu hilda eta eskakizun sozial objektiborik gabe». Echanizek esan du legeak «baztertu eta estigmatizatu» egingo duela, eta gaineratu Portugalgo Auzitegi Konstituzionalak atzera bota duela «lege ez hain erasokor bat». «Turismo eutanasikoa» sustatzea ere egotzi die aldekoei. Zaintza aringarriez hitz egin du Echanizek ere, eta «ondorio larriez» ohartarazi du: «Konfiantzarik eza sustatuko duzue; gurasoen eta seme-alaben artean, pazienteen eta sendagileen artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.