EITB

Lehiakide baten «sinbologia arrazistaz» galdetu dio EH Bilduk EITBko zuzendariari

«Ultraeskuinari lotutako sinbologia eta mezuei» bestelako lelo politikoei ezarritako protokolo bera zergatik ez zaion aplikatu azaltzeko eskatu du Josu Estarrona legebiltzarkideak.

EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoa. EITBren inguruko Kontrol Batzordean, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 17a
15:43
Entzun

AEBetako Blue Lives Matter mugimenduarekin loturiko jertse batekin agertu zen Gontzal Viaga Rodriguez ertzain lehiakidea joan zen igandean ETB1eko Baserria saioan. Herenegun, berriz, Chris Kyle 160 eta 250 pertsona artean hil zituen frankotiratzailearen omenezko elastiko batekin azaldu zen Gaztea irratiko Gu saioan. Hautsak harrotu dituzte mezuok hedabide publikoetan agertu izanak, eta eztabaida EITBko Administrazio Kontseilura heldu da. Horren inguruko galderak egin dizkio EH Bilduk Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari.

Galderak aurkeztu ditu gaur Josu Estarrona legebiltzarkideak. EITBren estilo liburuan erakunde publikoa gidatzen duten oinarrizko printzipioak gogoratzen ditu EH Bilduko kideak idazkian. Horietan adierazten da komunikabideak «arretaz eragotziko» duela «matxismoari, arrazakeriari, xenofobiari edo pornografiari zabalkunde ematea, terrorismoa goraipatzea, eta giza eskubideei erasotzea».

Legebiltzarkideak gogora ekarri du EITBko saio baterako elkarrizketa batean Altsasukoak Aske leloa zuen elastikoa kentzeko esan ziotela Juan Lekanda herritarrari, eta hark uko egin zionean grabaketa ez egitea erabaki zutela. Antzeko jokabide eduki zuten Aitzol Belasko herritarrarekin, Ertzaintzak hildako Iñigo Cabacasentzat justizia eskatzen zuen elastiko batengatik. Estarronak horren inguruko galdera egin zion EITBko zuzendari nagusiari, kargu horretan Maite Iturbe zegoenean, eta hark estilo liburua aipatu zuen erabakiak arrazoitzeko.

Orain, Aldekoa da zuzendari nagusia, eta hiru galdera egin dizkio Estarronak, «sinbologia arrazista eta supremazista inpunitate osoz» erakutsi izanaren inguruan.

Lehenengoan galdetu duenez, estilo liburuan jasotako protokoloak bestelako mezuekin funtzionatu baldin badu, «zergatik huts egin du oraingoan ez behin, bitan gutxienez, ultraeskuinari lotutako sinbologia eta mezuekin?». Bigarrenean, zuzendaritzak zer neurri hartuko dituen jakin nahi du.

Hirugarrenean, gogora ekarri ditu Aldekoak berriki eginiko adierazpen batzuk: Horietan esan zuen EITBk ez duela «polarizazioa sortzen duten Altsasu-ren moduko saioak egiten jarraituko». Altsasu telesailean, Nafarroako herri horretako hainbat gazteri zerbitzuz kanpo zeuden Guardia Zibileko bi kiderekin taberna batean gauez izandako liskar baten harira irekitako auzia eta kartzela zigorra kontatzen da, eta, besteak beste, Harkaitz Canok idatzi zuen gidoia. Arrakasta handia eduki zuen telesailak Kataluniako telebistan. «Ultraeskuinaren irudi-sinbologia hauek bezalakoek gizartean polarizazioa eragiten dute zuzendari nagusiaren ustez?», galdetu dio Estarronak Aldekoari.

Administrazio Kontseiluko hurrengo bilkura martxoaren 30ean da, eta orduan jasoko ditu erantzunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.