Espainiako Auzitegi Nazionalak 61 urteko kartzela zigorra ezarri dio Marisol Iparragirre ETA zeneko kide ohiari, bi ekintzatan parte hartzea egotzita: bata, 1995eko urtarrilean Bilbon NAren bulegoen sarrera zaintzen ari ziren polizien aurkako atentatua, agente bat hil eta beste bat larri zauritu zuena, eta bestea, 1994an Getxoko banketxe baten aurka egindakoa. Bi kasuetan, atentatuak agindu izana eta egileei armak helarazi izana leporatu diote.
Azken hilabeteetan zigor gehiago ere jaso ditu Iparragarrek Espainiako epaitegietan. Joan den otsailean, euskal presoari jarritako 122 urteko espetxe zigorra berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Luciano Cortizo Espainiako armadako komandantearen hilketa agindu izana leporatu diote auzitegiek, eta hilketa horretarako lehergailuetarako materiala hornitzea ere bai. 1995ean hil zen Cortizo, Leonen (Espainia), bonba-auto baten ondorioz.
Urtarrilean, berriz, absolbitu egin zuten Oviedoko komisariaren aurkako atentatuagatik. Espainiako Auzitegi Nazionalak esan zuen ez dagoela nahikoa frogarik 1997ko atentatuarekin lotzeko.
ETAren amaieraren ahotsa
Marixol Iparragirrek jarri zion ahotsa, Josu Urrutikoetxearekin batera, duela jada bi urte baino gehiago ETAk bere burua desegiteko erabakia iragartzeko kaleratu zuen agiriari. Joan den uztailean, dozenaka euskal herritarrek agerraldia egin zuten Donostian, eta adierazi zuten «ezinbesteko ekarpena» egin diola Iparragirrek Euskal Herria «bake bidean» jartzeko prozesuari. Euskal presoa aske uzteko eskatu zuten.