Epaiketa

Zaragozako atentatuan parte hartu izana ukatu du Josu Urrutikoetxeak

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailearen aitzinean deklaratu du, gaur goizean, bideo konferentziaz

Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegian, aurtengo otsailean. YOAN VALAT / EFE
2021eko martxoaren 17a
15:15
Entzun

Auzitegi Nazionalean bere kontra irekiak dituzten aferetan deklaratzen ari da azken asteetan Josu Urrutikoetxea ETA zeneko kide historikoa. 'Herriko tabernen' eta Luis Herguetaren aferetan auzipetu dutela jakinarazi zion otsailaren 17an Santiago Pedraz epaileak, eta gaur, 1987an Zaragozako kuartelaren aurkako atentatuan parte hartzea leporatuta auzipetuko dutela jakinarazi dio Ismael Moreno epaileak. Joan den azaroaren 17an onartu zuen haren espainiaratzea Parisko Kasazio Auzitegiak auzi horri dagokionez.

Bi epaiketak Paristik izan ditu Urrutikoetxeak, bideokonferentziaz. Gaur ere, otsailean bezala, epailearen galderei erantzuteari uko egin dio, eta aitzinetik prestatutako testu bat irakurri du, frantsesez eta gazteleraz, 1987ko atentatu hartan parte hartu izana ukatzeko.

Josu Urrutikoetxea 1996-2000n Espainiako Estatuan badaezpadako kartzelaldian izan zutenean, haren aurkako hogeitaka sumario irekitzen saiatu ziren. Ez zuten aski froga aurkitu, eta, Frantziak 1990ean zigortu egin zuenez ETAko kidea izatea egotzita —hamar urteko kartzela— eta ezin zutenez gauza beragatik berriro epaitu, Gorenak aske utzi zuen, behin-behineko kartzelaldiaren gehienezko epea gain-gainean zutela. Lau urte horietan, besteak beste, ETAk 1987ko abenduaren 11n Zaragozan (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatua atera zioten. Urrutikoetxea 2000ko urtarrilaren 14an irten zen espetxetik. Baina Guardia Zibilak 2001eko ekainean haren aurkako txosten bat aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, eta bidea egin zuen. Urrutikoetxea orduan legebiltzarkidea zenez, Gorenera pasatu zen gaia, eta 2002ko azaroaren 6an deklaratzera deitu zuen. Ez zen agertu, bere aurkako «sasi-epaiketa» egin nahi zutela deitoratuta, ezta bigarren aldian ere, handik astebetera. Joan den maiatzean hura Frantzian atxilotu ondoren, estradizio eskaera egin zuen Espainiako Gobernuak.

Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuak 125 orrialdeko eta 64 eranskineko dokumentu bat prestatu zuen 2001ean, eta tesia zen Urrutikoetxea, Zaragozako erasoaren garaian, ETAren zuzendaritzako kidea zela, Francisco Mujika Garmendiarekin eta Joseba Arregi Erostarberekin batera; talde politikoaren buru zela —baita nazioartekoarena ere—; 1987ko atentatu hura egiteko erabakiaren parte izan zela, eta bitartekoak jarri zirela haren bidez ere. «Zantzu kriminalak» ikusi, eta Gorenak deklaratzera deitu zuen 2002an. Guardia Zibilaren arabera, ETAk gobernua presionatu nahi zuen Aljerko negoziazioei begira, indar erakustaldia eginda. 11 lagun hil zituen Zaragozan —tartean, bost haur—, kuartelaren aurka bonba-auto bat lehertuta; 88 lagun ere zauritu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.