Gaur aurkeztu du Europako Batzordeak EBn bidaiatzea erraztu asmo duen osasun pasaporte edo agiria, Bruselan. Azaldu dutenez, agiria doakoa izango da, eta formatu digitalean edo paperean emango dute. Horretan, adieraziko da bidaiaria txertaturik ote dagoen, gaitza pasatu eta antigorputzak ote dituen, edo PCR bat egin duen eta negatibo eman ote duen.
Batzordeko buru Ursula Von der Leyenek esan duenez, agiriarekin «lagundu egin nahi diegu estatu kideei mugimendu askatasuna berriz ezartzen modu seguruan».
Zehaztu dutenez, agiriak ez ditu diskriminatuko txertorik hartu ez dituztenak, aski izango baita PCR edo antigeno test negatibo bat edukitzea bidaiatzeko.
Bakarrik Europako Botiken Agentziak onartutako txertoak hartuko dira kontuan. Dena den, estatuek aukera izango dute beste txerto batzuk onartzeko, Errusiako Sputnik eta Txinako Sinopharm, esaterako.
QR kode gisa emango da agiria. QR kode bat zuri-beltzezko irudi bat da, zeinak sarean dagoen informazio baterako sarbidea ematen duen, irakurgailu baten bidez. Telefonoan edo bestelako gailuetan eraman ahalko dute bidaiariek, edo, bestela, paperean inprimatuta, kontzertuetarako eta beste ekitaldietarako sarrerekin egin ohi den bezala.
Europako Batasuneko herrialdeetan mugitu ahalko dute bidaiariek, eta Norvegian, Suitzan eta Liechtensteinen. Batzordeak estatuei eskatu die agiria duten bidaiariei ez eskatzeko berrogeialdia egiteko edo beste PCR proba egiteko helmugara iristean.
«Agiri digitalarekin Europako ikuspegi baten alde egiten ari gara, ziurtatzeko Europako herritarrek eta haien senideek segurtasunez eta murrizketarik gabe bidaiatzerik izan dezaten uda honetan», esan du Justizia batzordekide Didier Reynderek.
Datu babesa bermatu nahi duela nabarmendu du batzordeak. Agiria iraungita geratuko da OMEk deklaratzen duenean pandemia amaitu egin dela.
Orain, estatuek oniritzia eman beharko diote proposamenari, eta, gero, Europako Legebiltzarrak.