Behargin bat hil da arratsaldean, Bermeoren (Bizkaia) parean dagoen Gaviota izeneko petrolio plataforma hornitzen duen itsasontzi batetik erorita. 18:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Ertzaintzaren arabera.
Langilea konorterik gabe atera dute uretatik, eta Bermeoko portura eraman dute. Larrialdi zerbitzuek han bertan baieztatu dute hil egin dela.
Gaviota plataforma gas naturalaren biltegi bat da, lurpean zegoen gasa amaitu zenetik. Enagas enpresak kudeatzen du. Kostatik zortzi bat kilometrora dago, eta plataforma ontziz hornitzen dute, baina langileak helikopteroz joaten dira instalaziora, zenbait hedabidek azaldu dutenez.
Urte hasiera beltza baino beltzagoa izaten ari da lan istripuetan hildako langileei dagokienez. Joan den asteartean, behargin bat hil zen Irunberrin (Nafarroa), kamioi batek harrapatuta, eta, egun batzuk lehenago, beste langile bat hil zen Azpeitian (Gipuzkoa), kamioi bat deskargatzen ari zela. Sindikatuen zenbaketaren arabera, Euskal Herrian aurten lan istripuan hildako hamabigarren behargina da Bermeon zendutakoa, gutxienez.
«Urtea hasi denetik ez dago asterik lan istripu hilgarririk gabe. Intzidentzia metatu larri honen aurrean, erakundeek noiz hartuko dituzte premiazko neurriak?», adierazi du LAB sindikatuak Twitter bidezko mezu batean.