Nafarroako hamabi gaztek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten joan den otsailaren 9tik 12ra, urriaren 12an Sortuk Iruñean antolaturiko ekintza sinboliko batean parte hartzeagatik. Koroaren aurkako delituak leporatuta deklaratu zuten gazteek, ikertu gisa, eta agerraldia egin dute gaur arratsaldean, Iruñean, azken orduko informazioaren berri emateko: jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki du haien aurkako auzibidea artxibatzea, eta, beraz, ez dute epaiketarik izanen. Urrian ekintza egin ondotik polizia etxera deklaratzera deitu zituztenetik jaso duten elkartasuna eskertu dute gazteek agerraldian: «Adierazpen askatasunak, eskubide zibil eta politikoek eta parte hartzeak zein kritika politikorako askatasunak jokoan jarraitzen duten honetan, halako erasoei aurre egiteko elkartasunaren garrantzia azpimarra nahiko genuke». Eragile politiko, sindikatu eta herri mugimendu ugarik eman zieten atxikimendua, hain zuzen.
Gazteek oroitarazi dutenez, urriaren 12an Ernaik eta Sortuk Hego Euskal Herrian independentzia aldarrikatu eta monarkiaren aurka egiteko Ezer ez ospatzeko lelopean antolaturiko hainbat ekintzetako bat izan zen Iruñean antolatu zutena: «Egun horretan, eragile antiarrazista ezberdinekin elkarlanean, monarkia espainola salatzeaz gain, Kolonen figura ere erabili eta estatu espainolaren izaera koloniala salatu genuen. Herrialde ezberdinetako musika eta dantza taldeekin, Felipe VI.aren eta Kolonen figurei soka jarri eta tira egin genien. Erori egin ziren». Gazteen hitzetan, mezua «argia» zen: «Erregimenaren adierazpen nagusia eta oinarria den monarkia ere erori dadila» nahi zuten.
«Erregimen horren defendatzaile sutsu eta aktoreei», Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari, ordea, ez zitzaien «gustatu» ekintza, gazteen arabera: «Protesta ekitaldia bera mehatxu ezberdinak medio baldintzatzen saiatu ziren. Navarra Sumaren eta hainbat komunikabideren jarrera gogorarazi nahi dugu, migrante elkarteenganako mehatxu eta diskurtsoa zabalduz, eta hauei kritika politikorako eskubidea ukatzen saiatuz».
Gazteen hitzetan, «ezaguna» da Espainiako Estatuko «hainbat boterek» adierazpen askatasunarekiko daukaten «kontzepzioa»: «Ez da berria, eta herri honetan urte luzeetan zehar pairatu egin dugu». Salatu dutenez, ulerkera horren arabera ezin zaio kritika politikorik egin «erregimenari», eta «disidentzia politikoak» ez du adierazpen askatasunik; bertzela, «jazarri eta kriminalizatu» egiten baitute: «78ko erregimena zalantzan jartzen duen oro, makineria polizial, mediatiko eta judizial osoaren jo puntuan dago. Are gehiago kritikaren helburua monarkia ukiezina bada eta independentismotik baldin badator kritika hori».
Gazteen ustez, ordea, «78ko erregimena krisian» dago, «Espainiaren kalitate demokratikoa, ezbaian» eta bere «batasuna, kolokan». Horren aurka, «gehiengo sozial zabalek eta ahalduntzeak» ekarriko dituzte «eskubide guztien babesa eta bermea eta demokrazia», gazteen ustez. «Nafar ezkertiar orori herrien, askatasunen eta eskubide sozialen kartzela den erregimena eraisteko ahaleginetan indarrak batzeko» deia egin diete, hala: «Erabat sinetsita gaude adierazpen askatasuna gauzatuz lortzen dela, eta horretan berresten gara. Gaur eta bihar. Ez ginela isilduko esan genuen bezala, erregimenaren aurka eta eskubide zibil eta politikoen defentsan bidea urratzen jarraituko dugu»