Bake Bideak eta Bakegileek Euskal Hirigune Elkargoak dituen hamar lurralde eremuetako ordezkariekin bilkura erronda bat abiatu dute. Bildu nahi izan dute Euskal Herriko gatazkaren konponbideak azken urteetan izan duen bilakaera aipatzeko.
Besteak beste, Aieteko Nazioarteko Konferentziatik hamar urtera, euskal presoen auzia zertan den aipatu nahi dute elkargoko hautetsiekin. 28 euskal preso daude gaur egun Frantziako presondegietan, eta 188, berriz, Espainiako presondegietan. Bakegileek zehaztu dute «bake prozesua aitzinatzeko gai gakoa dela»haien ustez.
Hiru hitzordu izan dituzte momentuko: Bidaxune, Errobi - Aturri eta Euskal Kostaldea-Aturri lurralde eremuetako ordezkariekin. «Elkarrizketa aberatsak izan dira, eta giro onean eman dira», adierazi dute Bakegileek ohar batean. «Lan hori segituko dugu, eta espero dugu beste poloetan ere errezibituak izatea».
Frantziako Gobernuarekin harremana
Otsail hasieran bildu zen Ipar Euskal Herriko ordezkaritza Eric Dupont-Moretti Frantziako Justizia ministroarekin. Ordezkaritzak dosier bat aurkeztu zion ministroari, konpontzeko dauden zenbait auziren ingurukoa. Elkarrizketa giro eraikitzailean aritu zirela azaldu zuten, ondoren, ohar bidez, eta ministroak engaiamendua berretsi zuen jarraipena emateko. «Euskal Herrian eraiki nahi dugun elkarbizitzaren aldagai erabakigarriak diren heinean, ordezkaritzak arretaz begiratuko du aipaturiko dosierren bilakaera», azaldu zuten ordezkaritzako kideek.