Telebista

EITBri neurri ezberdinak edukitzea leporatu diote, 'Baserria' saioko kamiseta baten harira

Lehiakide bat, ertzaina, 'Blue Lives Matter' mezua zuen jantziarekin agertu zen igandeko saioan. AEBetan erabili dute hori, polizia indarkeria gaitzesten duen Black Live Matters mugimenduaren aurka egiteko. 2018an, EITBk ‘Altsasukoak Aske’ kamiseta zentsuratu zion ekoizle bati, estilo liburua aipatuta. Frankotiratzaile baten omenezko kamiseta eraman zuen irratira, atzo.

Gontzal V. R. ertzaina 'Blue Lives Matter' leloa duen jertsearekin, atzo aireraturiko 'Baserria' saioan. EITB
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 15a
12:49
Entzun

Honoring Courage; Blue Lives Matter (Ohore adoreari; Bizitza Urdinek Axola Dute) leloa duen jertse bat soinean zuela agertu zen Gontzal Viaga Rodriguez lehiakidea igandean ETB1eko Baserria lehiaketan. Irudiak ikusita, ETBk halakoetarako bi neurri dituela salatu dute Twitterreko hainbat erabiltzailek, eta gogora ekarri dute telebista publikoak zer jarrera eduki duen bestelako mezu batzuekin.

Blue Lives Matter mugimendua 2014an sortu zuten hiru poliziak, New Yorken Rafael Ramos eta Wenjian Liu agenteak hil ondoren. Ismaaiyl Abdullah Brinsley gizon beltzak hil zituen Ramos eta Liu, eta, adierazi zuenez, atxilotuta zeudenean hildako Eric Garner eta Michael Brown mendekatzeko egin zuen erasoa. Poliziaren indarkeria salatzeko taldeen kontrako mugimendu gisa definitzen dute Blue Lives Matter. Geroztik, mugimenduak lan egin du poliziak hiltzen dituztenei gorroto delitua ezar diezaieten. Lortu dute, esaterako, Louisianan halako lege bat ezartzea. Eskubide zibilen aldeko taldeek salatu dutenez, berez, gutxiengo etnikoetako herritarrak edo bestelako talde ahulak defendatzeko eratu zuten gorroto delituen legea, ez lanbide bat aukeratzen dutenak.

Azken hilabeteotan, AEBetako kaleetan eta sare sozialetan asko ikusi dira horren ikurrak eta leloak, Black Lives Matter mugimenduaren kontrako manifestazioetan, eta eskuin muturrekoen, arrazisten eta neonazien elkarretaratzeetan; besteak beste, Charlottesvillen 2017an Eskuina Batu manifestazioan. Horretan, neonazi batek autoarekin apropos harrapatu zituen manifestari antifaxistak: emakume gazte bat hil, eta beste 28 pertsona zauritu zituen.

Horrez gain, Blue Lives Matterren banderak asko ikusi dira Trumpen aldeko ekitaldietan, besteak beste Kapitolioaren aurkako erasoan, aurtengo urtarrilaren 6an.

Blue Lives Matter bandera bat, ezkerrean, erdian, Trumpek urtarrilaren 6rako antolatu zuen mitinerako jarrita, urtarrilaren 4an. Ekitaldiaren ondoren, Kapitolioari eraso zion eskuin muturreko jendetzak.MICHAEL REYNOLDS / EFE

Baserria lehiaketako Viaga Rodriguez ertzaina da. Sare sozialetan iruzkin ugari sortu ditu gaiak, Mikel Ruiz Oar-Artetak salatu ondoren.

Erabiltzaile batek gogora ekarri du EITBk zer jokabide izan ohi duen antzeko kasuetan. 2018ko ekainean, ETBrentzat lan bat egiten ari zen talde bat Juan Lekanda ekoizlea elkarrizketatzera joan zen, Laudiora (Araba), gastronomia saio baterako. Lekandak Altsasukoak Aske leloa zuen elastiko zeraman soinean, eta hura kentzeko eskatu zioten elkarrizketatzaileek, lelo bat zeramala argudiatuta. Lekandak uko egin zion elastikoa kentzeari, eta elkarrizketa bertan behera geratu zen. Aitzol Belaskok salatu duenez, berari Cabacas justizia leloa zuen elastikoa kenarazi zioten.

Ika-mika piztu zuen erabaki hark, eta Eusko Legebiltzarrera ere heldu zen. Josu Esterrona EH Bilduko legebiltzarkideak galdera egin zion Maite Iturberi, hau da, EITBren orduko zuzendari nagusiari: halako erabakiak zeren arabera hartzen ziren. Iturbek, orduan, EITBren estilo liburua aipatu zuen debekuaren arrazoi gisa, eta liburuaren 3.3 paragrafoa ekarri zuen gogora. EITBko saioetan Baztertu beharreko jokabideak epigrafearen barruan, honela dio paragrafoak: «Era berean, parte hartzearen helburua ez da EiTBk dauzkan helburuez bestelakoa izan behar. Hau da, ikusleek, entzuleek eta erabiltzaileek ez dituzte helburu pertsonal, komertzial, edo publizitarioetarako baliatu behar parte hartzeko mekanismoak».

Sare Antifaxista taldeak «eskuin muturrari ateak irekitzea eta oroimen historikoa prostituitzea» egotzi dio saioari

Berri Otxoak gizarte bazterketaren aurkako eta gizarte eskubideen aldeko plataformak ere salatu du gertaera.

Frankotiratzaile baten omenezko kamiseta, atzo

Atzo Gaztea irratiko Gu saioan izan zen Viaga Rodriguez, eta The Legend Chris Kyle (Chris Kyle legenda) idatzita eta garezur eta arma bat agertzen diren elastikoa jantzita eraman zuen. Chris Kyle frankotiratzaile eta militar estatubatuarra izan zen, eta ezaguna da Ameriketako Estatu Batuetako armadaren historian izandako frankotiratzailerik hilgarriena izateagatik.

Ezkerrekoa da Viagas Rodriguez. 

Gaztean egindako elkarrizketan nabarmendu zuenez, estilo bereko kamisetak erabiltzen ditu beti, eta harrituta geratu zen igandean telebistako saiorako jantzitako kamisetak eragindako polemikagatik. «Blue Lives Matter jartzen duen kamiseta bat eramateak ez du sozialki ezer mugitzen, eta ez du neure buruari buruzko iritzirik ematen ere. Polizien bizitzari garrantzia ematen dioten mugimendu bat besterik ez da», nabarmendu zuen.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.