Asteburu gazi-gozoa izan da emakumezkoen Iberdrola ligako 22. jardunaldian. Irabazi, berdindu eta galdu. Denetik egin dute euskal taldeek.
Realak emaitza bolada onean jarraitzen du. Natalia Arroyoren taldeak 1-2 irabazi zuen Granadillaren zelaian. Etxeko taldeak hobeki hasi zuen partida, eta gol aukerak ere izan zituen partidaren hasieran. Lehen jokaldi arriskutsuan, ordea, txuri-urdinak aurreratu ziren: 21. minutuan sartu zuen gola Franssik. Etxekoek gol aukerak sortu zituzten, baina ez zuten lortu partida berdintzea.
Bigarren zatia hasi eta berehala, berdinketaren gola sartu zuen Piscok, penaltiz. Handik minutu gutxira sartu zuen Barbarak Donostiakoen bigarren gola, 55. minutuan, penaltiz hori ere. Hortik aitzinera, aukera garbiak izan zituen Realak, baina ez zuen errematatu partida. Atzokoa irabazita, sailkapenaren goialdean jarraitzen dute txuri-urdinek, seigarren.
Athleticek Lezaman hartu zuen Sporting Huelva, eta bana berdindu zuten. Athleticek irabazi beharra zeukan; batez ere, jaitsiera postuetatik urruntzeko. Irabazten hasi ziren zuri-gorriak, Monentek 12.en minutuan sartutako golari esker. Partida guztian bi taldeek izan zituzten gol aukerak, baina azkenean Yoko Tanakak berdindu zuen partida, 74. minutuan. Athleticek gol aukera garbiak izan zituen berdinketaren ondotik, baina ez zuen sareratu baloia. Hala, 22 punturekin 10. postuan dira zuri-gorriak: jaitsiera postuetatik bortz puntura.
Armaginen porrota
Txanponaren beste aldea Eibarrena izan zen. Madrilen zelaian jokatu zuen Eibarrek, eta porrot mingotsa bildu zuten: 3-1 galdu zuten Madrilgo taldearen aurka. Irabazten hasi ziren armaginak, Thenbik 26. minutuan gola sartuta. Bi minutu geroago, etxeko taldeak berdinketa lortu zuen, Estelaren gol bati esker. Lehen zatia amaitzear zegoenean, madrildarrak aurreratu ziren, Geysek penaltiz egindako golarekin.
Bigarren zatian, markagailua berdintzeko aukera andana sortu zuen Eibarrek, baina 84. minutuan madrildarren hirugarren gola sartu zuen Valeriak. Azken partidetako emaitza bolada txarrean jarraitzen du Eibarrek. 11. postuan dago, 22 punturekin, jaitsiera postuak bortz puntura dituela.