Galdeketa

Trenbidearen proiektua geldiaraztearen alde egin dute Durangon

Parte hartzea %28,57 izan da, 7.077 boto, eta horietatik 6.680k bozkatu dute PERI1 proiektu urbanistikoa gelditu eta parte hartze prozesu bat hastearen alde.

Herritar batzuk bozkatzen, Landako Gunean (Durango, Bizkaia). ANBOTO
Irati Urdalleta Lete - Paulo Ostolaza
2021eko martxoaren 14a
21:33
Entzun

Trenbidea zegoen lekuan PERI1 proiektu urbanistikoarekin ez jarraitzea erabaki dute Durangoko (Bizkaia) herritarrek. Galdeketa egin zuten atzo, eta bozkatzeko aukera zutenen %28,57k bozkatu dute: 7.077 herritarrek. Haietatik 6.680k egin dute proiektua eten eta parte hartze prozesu bat hastearen alde.

Hau zen erantzun beharreko galdera: «Ados al zaude PERI 1 proiektua gelditzearekin eta irtenbide bideragarri baten azterketa abian jartzearekin, betiere, herritarren parte hartzea aintzat hartuta?». Durangon halako galdeketa bat egin den lehen aldia da.

Proiektuan jasotzen denez, besteak beste, hemezortzi solairuko bost etxe orratz egin nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, baina herritarren esku dago orain egitasmo horrek aurrera egitea ala ez. Galdeketa ez da bete beharrekoa, baina Ima Garrastatxu alkateak (EH Bildu) emaitza betearazteko konpromisoa hartu du.

Botoa ematera joan denean, eguna historikoa dela adierazi du Garrastatxuk: «Agintariak aldatuko gara, herritarrak ere bai, baina gaur idazten ari garen unea betirako geratuko da. Emozionatuta nago», esan du alkateak. Horregatik, azpimarratu du haren gobernuak entzungo duela «herriaren hitza». Ildo beretik jo du Julian Rios alkateordeak: «Hitzak albo batera utzi eta XXI. mendeko demokrazia egiten hasteko garaia da».

Udaleko alderdien artean, iritzi desberdinak daude: EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak baietz bozkatzeko eskatu diete herritarrei, EAJk abstentzioaren alde egin du, eta PSE-EEk esan du galdeketa «fartsa bat» dela. Orotara, 18 urtetik gorako 24.700 herritarrek izan dute aukera galdeketan parte hartzeko, 9:00etatik 20:00etara.

Finean, trenbidea zegoen lekuan PERI1 proiektu urbanistikoa egin ala ez erabaki dute durangarrek. Proiektuak babesa jasoz gero, hainbat eraikuntza egingo zituzten: hemezortzina solairuko bost etxe orratz, 554 etxebizitzarekin; merkataritzarako lokal batzuk; mila metro koadroko udal ekipamendua —besteak beste, haurrentzako jolasak, lorategiak eta kirola egiteko guneak jarriko dituzte—; eta zortzi solairuko eraikin bat.

Aspaldiko gatazka

1990eko hamarkadan du jatorria oraindik piztuta dirauen gatazkak. Orduan, Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak adostu zuten Jaurlaritzak finantzatuko zuela trenbidea lurperatzea, eta Durangoko Udalak libre geratutako espazioan egingo zuen proiektu urbanistikoaren irabazien zati bat emango ziola trukean. Proiektua 2006an bihurtu zen behin betiko, eta sei urte geroago jarri zituzten martxan lurpeko trena eta geltoki berria; ez, ordea, lurperatze horren ondorioz libre geratu ziren lurrei beste erabileraren bat emateko lanak.

Herritarrek lur horretan zer egin erabaki nahi izan dute. Horretarako, Erabaki herri plataformak ia 4.000 sinadura aurkeztu zituen 2018an, herri galdeketa eskatzeko. Orain, udalak ere galdeketa hori garrantzitsua dela ikusten du, Garrastatxuk azaldu duenez: «Hau ez da udalak sortutako kontsulta bat, baizik eta udalari ia 4.000 durangarren babesarekin egindako herri agindu bat». Emaitza edozein dela ere, udalak akordioa lortu beharko du Eusko Jaurlaritzarekin eta Eusko Trenbide Sarearekin.

Durangoko EAJk uste du argi dagoela proiektuak ez dituela asetzen herritarren beharrak, eta «proiektu bideragarri, erreal eta adostuen» gaineko «parte hartze errealaren» aldeko apustua egin du. Bestalde, udalaren eta Jaurlaritzaren akordioa hausteak eragingo lituzkeen ondorioez ohartarazi du: EAJren arabera, udalak 266 milioi euro ordaindu beharko lizkioke Jaurlaritzari. Hori, haien hitzetan, udaleko diru kutxarentzat «porrota» izango litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.