Hogei bat parte hartzaile ziren astelehenean Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) Ainhize-Monjolosen eta Suhuskunen antolatu ikastaro teknikoan. Horietarik hamabost laborariak edo laborantzan instalatzeko proiektua duten gazteak ziren, agrooihangintza etxaldean integratu dutenak edo hala egin nahi luketenak. Fruitu zuhaitzetan garai hauetan egiten diren adar mozketak ulertzea eta horiek egiten ikastea zen ikastaroaren xedea. Ilde Perez gidari, goizean teoria landu eta arratsaldean bi etxaldetako sagardietan ikusi zuten, praktikatuz, fruitu zuhaitzen adarrak nola mozten diren sasoi honetan.
Bi lan desberdin ziren aztergai: Ainhize-Monjolosen, elkartearen egoitzatik hurbil diren lurretan, 1992an landatu sagarrondoak nola berregituratu; Suhuskunen, berriz, bizpahiru urteko sagarrondo gazteen adarrak moztuz nola formatzen diren ikustera joan ziren. «Agrooihangintzako praktika berritzaileak integratzea ontsa da, baina etxaldeetan historikoki zuhaitzen inguruan izan den jakintza berreskuratzea» kausitu nahi du EHLGk ikastaldi tekniko horiekin, Etienne Jobard teknikari eta animatzaileak argitu duenez.
Historikoki zuhaitzek leku gehiago baitzuten etxaldeetan. Gaur egun, bereziki gazteen interesa berpizten da —astelehenean agerikoa zenez—, fruitu zuhaitzak ere ekoizpen dibertsifikatu baten parte bilakatzeko. Izan eskala tipian fruituen autokontsumorako, ala handian ekoizpenaren salmentarekin ekarpen ekonomiko bat ziurtatzeko. «Ikastaro teknikoetako parte hartzaileak gehienak gazteak dira, baina ez da 50 urtekoek teknika menperatzen dutelako», Etienne Jobarden ustez, «baizik eta ekoizpen askotarikoaren parte fruitu zuhaitzak nahi dituztenak adineko pertsonak eta gazteak direlako».
Ikastaroan bisitatu zuten bigarren etxaldean, Suhuskuneko Bixente Labyren xerri hazkuntzan, zuhaitzak kabaleentzat ezarri dira: itzala egin dezaten, eta fruituak erortzean bazka gehigarria ekar dezaten. 2018an hasirik, urte oroz landatzen dituzte sagarrondo, haritz edo gaztainondoak. Baina Jobarden erranetan, etxaldeetan zuhaitzak ezartzearen aldeko argumentuak anitzez gehiago dira: «Kabalaren ongizatearen berme bat dira, babes klimatikoa eskaintzen baitute —izotzaz, haizeaz edo udako beroaz babesteko—, biodibertsitatearen aterpe dira, eta, hor, erasotzaileen erasotzaile diren espezieak atzematen dira, egur eta hosto hilek lurrari karbono ekarpena egiten diote…», zerrendatu du. Ahantzi gabe, bistan denez, fruitu eta egur ekoizpenak dakartzala.
Suhuskuneko sagarrondoek interes berezia piztu zuten astelehenean, duela bi edo hiru urte landatu arbolen adarrak moztuz nola formatzen diren ikasteko balio izan zutelako. Zuhaitzaren bihotzeko adarrak moztu, baita enbor azpikoak ere, eta adarrik gorenen puntak pikatzen zituzten, aldian aldi, sagarrondo bakoitzaren formari egokituz. Horretan ari zen Ilde Perez xedarra-aizturrekin, eta gazteak beha, beren aldia heldu arte.
Gaztainen inguruko zikloa
«Duela 40 edo 50 urte etxaldeetan bazen oraindik jakintza handia zuhaitzen inguruan. Jendeek bazekiten zuhaitz bat landatzen eta artatzen», Jobardek dioenez, baina gaur egun jakintza hori berreskuratzeko, pertsona erreferente zehatzengana jo du EHLGk: Ilde Perezekin adarren mozketa landu duten bezala, Gabriel Durrutirekin gaztainaren inguruko ziklo bat abiatu dute Ainhize-Monjolosen.
Lehen saio batean, gaztainaren itzal historikoa eta haren fruituak Euskal Herriarekin duen lotura kulturala aipatu zuten, eta, ondoko aldietan, hilabete hondarrean eta apiril hastapenean, lantzekoak dituzte «txertaketa, zuhaitzaren arta eta fruituaren erabilpena, ekarpen ekonomiko gehigarri gisara». Beste leku batzuetan lan sail gisa antolatua bada ere, gaztainaren inguruko garapena egin gabea da, oraindik, Ipar Euskal Herriko laborantzan. Adar moztearen ikastaroak ukan arrakasta berdintsua ukan zuen gaztainaren ingurukoak ere.
Ainhizeko elkarteak egin dituen ikerketetan, hala nola etxalde zenbaiten diagnostiko zehatzetan, agerikoa da instalatzen direnek ekoizpenen dibertsitatea xerkatzen dutela geroz eta gehiago. Etxalde batzuetan ekarpen ekonomiko gehigarria da jadanik, «ñimiñoa izanik ere», eta guti batzuentzat jarduera nagusia, Anhauzeko Miren Hariñordokiren etxaldean bezala, fruituak izozkietan transformatu eta saltzeko.