Koronabirusa

Jaurlaritzak azaldu du AstraZenecaren txertoak ez duela ondorio larririk izan txertatuengan

Osakidetzak txertatutakoen artean, txertatutako guztien %1ek baino ez ditu izan erreakzio arinak. Txertoaren dosiak ematen jarraitzearen alde azaldu da Jaurlaritza.

AstraZenecaren txertoaren artxiboko irudi bat. RUNGROJ YONGRIT/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko martxoaren 12a
15:20
Entzun

AstraZenecaren txertoak ez du kalte larririk eragin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan txertatutakoen artean; horixe baieztatu du Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak. "Ez da erreakzio kaltegarri edo larririk izan", adierazi du Quintasek, eta gehitu du erreakzio arinak txertatutako pertsona guztien %1ean baino ez direla agertu. Erreakzio "arin" horiek honako hauek izan dira, Quintasen hitzetan: "Sukar pixka bat, buruko mina edo txertoa jasotako lekua minbera izatea". 30.000 lagunetik gora txertatu ditu Osakidetzak; beraz, 300 inguruk izan dituzte ondorio arinak.

Txertoaren erreakzioei buruz galdetzean, Quintasek azaldu du: "Ez du zerikusirik Austrian eta eskandinaviar herrialdeetan azaldutako kasuekin". Izan ere, zenbait herrialdek AstraZenecaren azken sorta banatzeari uztea erabaki dute, zenbait txertatuk izan dituzten osasun arazoekin zerikusia izan dezaketelakoan. Quintasek argitu du EMA Sendagaien Europako Agentziaren aholkuak "zorrotz" betetzen ari dela, eta, horregatik, txertaketarekin aurrera jarraituko dutela. Gehitu du Jaurlaritzak AstraZenecaren sorta horietatik bakarra jaso duela eta jada txertatzeko erabili dutela. "Normaltasunez" egin dutela gehitu du, ez dela arazorik egon.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.